Hiraila
Hilabete latza blogari aritzeko, zeinari nahikoa den h-a gehitzea garoa haserre bihurtzeko; zeinari, aurrekoa gutxi bailitzan, buruila ere baderitzon. Horrela bada, buruhil honetan plistika beharrean plastaka natorkizue.
Plasta, besteak beste, ore biguna ere bada eta niretzako daukat zenbait kontzeptu didaktiko ez ote ditugun ore bigun bihurtu , zernahitarako erabiltzen ditugun makulu. Hitzetik hortzera erabiltzen ditugun zenbait kontzeptu: jarioa, zuzentasuna, monitorizazioa... errazera jo eta abiadura, gramatika, auto-zuzenketa... bilakatzen zaizkigulakoan nago. Bada garaia horrelako batzuei sikiera aurre egiteko.
Ezer ez da berdin (I): zuzentasuna eta gramatika
Sarritan bi kontzeptu hauek berdinak bailiran jokatzen dugu. Baina gramatika ezagutzaren esparrukoa da, zuzentasuna erabilerarenekoa, ordea.
Ikasleak ezagutzaren zakuan gordeta dituen hainbat eduki-gramatikal praktikan ipintzea da zuzentasuna. Praktikan ipintze honetan ezinbestekoa da ezagutzatik erabilerarako transferentzia; gramatikatik zuzentasunerakoa,alegia. Transferentzia hori egoki egin dadin, beharrezkoak diren estrategiak garatu behar dira eta berorretan sortzen diren akatsak (konpetentzia gabezia adierazten dutenak/ interlinguak eragindakoak/ jarduerazkoak...) ikasbide bihurtu.
Gramatikaren eta zuzentasunaren arteko bereizketa honek berebiziko garrantzia du.
Ados gaude ia guztiok gramatikak tresna eta ez helburu nagusi izan behar duela esatean, baina lehenago ahalguztiduna genuen gramatikaren gainbeherak ez du atzetik zuzentasunaren gainbehera zertan ekarri. Zuzentasuna erabilerari dagokio eta erabileraren ardatzetariko bat da gainera. Gramatikaren ezagutza zuzentasunerako beharrezko baldintza da baina ez nahikoa. Modu berean, zuzentasuna komunikaziorako baldintza beharrezkoa dela baina ez nahikoa esan beharko dugu; ezen honetan ere teoriaren eta praktikaren arteko eten nabarmena egon baita.
Honen harian bi joera nagusitu dira irakasle jendearen artean: batzuek, zuzentasuna bigarren mailakotzat jo izanagatik, praktikan (zuzenketetan eta...) deskriptore nagusi lez erabiltzen dute; beste batzuek, ostera, ez diote ia inolako pisurik ematen eta “eginkizuna bete du” eta honelakoak esanez erabakitzen dute komunikazio-ekintzaren egokitasun maila (kontua ez da bakarrik eginkizuna bete duen ala ez, komunikazio egoerak eskatzen dion behar besteko konpetentziaz bete duen, baizik).
Defenda dezagun bada, zuzentasunaren egungotasuna baita maila teorikoan ere; ez dezan gramatikaren aurkako uholdeak ito.
5 Comments:
guk ordea, nahigo hizkuntza bizia. Ez ala?
6:34 AM
Ez naiz ni dikotomia zalea: hizkuntza zuzena vs hizkuntza bizia edo hizkuntza egokia. Nire ustetan bat bitan baino gehiagotan banatzen da. Idi honek adar asko ditu eta irakasle/ikasleok zenbat eta hari gehiagori eragin, orduan eta biziagoa izan ohi da mugimendua.
Adibide gisa, horra hor zure atarian "www.gaztelumendi.org" plazaratzen duzun eztabaida: "nola deitu webgune,web-orri ala web-orrialde?" Berau zuzentasun kontua al da soilik ala ba al du zerikusirik hizkuntza egoki eta bizi erabiltzearekin?
Ezagutzatik (gramatikatik)erabilerara (zuzentasunera) lerratu behar dugu ibilbide didaktikoa baina honek ez du esan nahi zuzentasuna denik erabileraren osagai bakarra eta ezta garrantzitsuena ere. Agian, hauxe izan da euskararen batuaren arautze fasearen, eta euskara kaleko hizkuntza baino hizkuntza akademiko bihurtzearen ajeetariko bat.
Beraz, konforme, guk nahiago hizkuntza bizia: zuzena, egokia eta erabilia (batez ere erabilia: komunikazio tresna eta ez kurrikulum apaingarria).
10:51 AM
Arranke gogorra eduki dugu ba, dediooo!
Zuzentasuna, nahikotasuna eta ebaluazioaren inguruan kontatu didate HABEk aurten antolatu dituen ikastaroetako baten saltsa egon zela horren inguruan... Kamareroak idazten jakin barik hiztun konpetenteak direla eta ez direla. Honekin ere edukiko du erlazioa.
Norberak esandakoa jakin barik grabatu eta entzunez gero, gaindituko ote genuke zuzentasunaren proba?
Hizkuntza bizien eta hilen artean beste kategoria bat (gutxienez) dagoela uste dut, hizkuntza superbibienteak, hau da, galdu ez dituen apurrekin eta besteen karitatearekin hala-nola moldatzen direnak, bizirik-edo daudela justu-justu esateko moduan.
7:09 AM
Pellokeria batekin hasiko naiz: lan esparruari dagokionez,idazten ez dakien kamareroa hiztun konpetentea da baina idazten ez dakien irakaslea ez.Gaur egun irakaskuntzan "café para todos" eredu homogeneista darabilgu eta bada garaia indibidualizazioaren aldeko apustua egiteko.Teknologia berriek ekarriko duten iraultzetariko bat hauxe izango da.
Bestalde, zera diozu: "Norberak esandakoa jakin barik grabatu eta entzunez gero, gaindituko ote genuke zuzentasunaren proba?"
Nik uste baietz,zuzentasunaren kontzeptu "arauzorrotz" eta "sasiakademikoetatik" ihes egiten badugu, behintzat.
Superbibienteak gara bai, eta superbibiente guztiek bezala gogor estutzen dugu gure salbazio ohola; estuegi batzuetan, ia itotzeraino (ez naiz ni horrelakoa, nahiz eta zuzentasuna defenditu argi baitaukat hizkuntza bizia eta egokia nahi dudala).
Eta ez izan zalantzarik Karraju, kamarero konpetenteak ditugulako gara gu superbibienteak.
12:27 AM
Ona izan da hori azkena. Inspirazioa apurka apurka errekuperatzen gabiltza.
10:42 AM
Post a Comment
<< Home