Puto euskera
Plisti
“Euskarari nire etxean puto euskera deitzen diogu ” esan zidan behinola Carmenek. Esaldiak min eman zidan (belarrietan bakarrik ez), are gehiago Carmen pertsona zintzoa eta adeitsua delako. Azalpen luzetxoagoa eskatu nion eta honelaxe jarraitu zuen: “Badakizu lan gogorra egiten dudala Gurutzetan, txandaka. Neka-neka eginda heltzen naiz etxera eta han ditut nire alabatxo kuttunak zain, ni noiz helduko. Alabekin egon, etxeko lanak egin, etxerakoak ere bai, eta geratzen zaidan denbora apurrean euskaltegira etortzen naiz. Ez daukat arnasa hartzeko astirik. Nire zaletasunak erabat baztertuta ditut, lanerako baino ez naiz bizi eta gainera... hau guztia, zertarako?. Titulua aterako dut (ateratzen badut, behintzat) eta gero ez dut euskara erabili beharrik izango ”.
Hasi nintzaion azaltzen hizkuntza bat ikastea ez dela kode huts bat ikastea, unibertso berri bat dakarrela berarekin, bezeroek euskara erabiltzeko eskubidea dutela eta bata eta bestea... baietz esaten zidan buruarekin baina bere begiek “betiko txapa” irensten ari zela adierazten zidaten.
Ikasle guztiek, zorionez, ez dute Carmenek bezala pentsatzen; askotxok bai, ordea. Eta irakasle gehienok anatemizatu egiten ditugu, hala ere, beren larruan jartzeko lana hartu behar dugulakoan nago.
Administrazioak euskara ikastera bultzatzen ditu baina oso gutxi jartzen du bere aldetik. Osakidetzak, batik bat. Hezkuntzaren kasuan IRALE programa kritikatzeko arrazoi asko egon litezkeen arren, itzalak itzal, arrakastatsua izan da neurri batean (irakasleriaren portzentaje handia euskaldundu du eta lanean euskararen erabilera ahalbideratu ) horretarako baliabide franko enplegatu behar izan baditu ere; hor du ispilua Osakidetzak baina ispilu horri begiratu gutxi egiten diolakoan nago (bere buruaren itxuraren beldur, akaso).
“Carmen, eta euskara ikasteko Osakidetzak jardunaldia ordubetean murriztuko balizu, zuk beste ordubete ipintzeko baldintzarekin? Eta behin maila batera helduta, liberazio politika zabalduko balu? Eta Gurutzetan lanean eta zure alabatxoekin etxean euskara erabiltzeko bideak baleude?” - esan nion-.
“Orduan, agian ez litzateke puto euskera izango. Baina ez nago ziur, une honetan oso erreta nago eta ”. –erantzun zidan-.
Plasta
Auto-ikaskuntzaren bekatuak (eta VII) : mintza-saioak
Orain arte mintza-saioak “hitz eginez, hitz egiten ikasi” horretara lerratuegi egon dira; gaia proposatzen zen eta horretaz aritzen ginen mintza-saioetan, gehienetan.
Hitz egiten, hitz eginez ikasten da bai; baina baita zenbait estrategia garatuz eta diskurtsoa ahalik eta osoen ebaluatzeko gai izanez ere. Gainera, zerbaitetarako hitz egin behar da, helburu ahalik eta komunikatiboenak ezarriz.
Ildo honi jarraiki, mintza-saioen tipologia zabaldu behar delakoan nago. Hona proposatzen ditudanak:
1. tipologia: orain arte bezala, gai bati buruz aritzea. Gai horren aukeraketa (ikasleen interesguneei erantzuten diena), girotze-fasea (laburra, input aberatsekoa), inplementazioa (poligestionatua eta behatua) eta ebaluazio irizpideak kontuan izanik.
2. tipologia: diskurtsoaren azterketari dagokiona. Aldian-aldian ikasle baten diskurtso grabatua zein ez grabatua aztertuko da, behaketa txantiloiak erabiliz gehienbat. Berauen bidez diskurtsoa bere osotasunean edo atalka ebaluatuko dute mintza-saioko partaide guztiek. Kontzeptuak argitzeko eta behaketan trebatze aldera unitate didaktikoak prestatu beharko dira.
3. tipologia: auto-ikaskuntzaren gabezietako bat gainditzeko hain beharrezkoa den elkarlan bidezko ikaskuntza sustatzeko proiektuak. Ataza anitz jasoko dituzten jarduerak izango dira. Ikasgelan zein ikasgelatik kanpo egin beharrekoak, denboran saio bat baino luzeagoak eta trebetasun ugariz osatutakoak. Proiektuok ikasleari “plus”a eskaintzera bideratuak izango dira, arreta hizkuntzan bertan (tresnan) izatetik eginkizunean ere izatera bideratuak. Batzuk aipatze aldera: webquestak, blogak, tailerrak, podcastinga...
4. tipologia: estrategiak garatzeko saioak. Ikasten ikasi. Estrategiak ikasleak modu kontzientean hartzen duen erabaki multzoa dira. Ikasleari ikasten irakatsi behar zaio bere indarguneak sendotuz eta ahuleziak leunduz. Besteak beste: motibazioa, norberaren ikas-estrategien azterketa, ezagutzak azaleratzeko bideak (ideia-jasa..), informazioa jasotzekoak (arreta), ulermen estrategiak (azpimarra, laburpena...), antolaketa estrategiak (testu azterketa, eskema...), informazioa gordetzekoak (hitz klabeak, analogiak, errepikapena...), ebaluazioa, transferentzia...
Lau tipologia hauek sarritan nahastuta ageriko zaizkigu, didaktikaren dinamikak hala eskatuz gero. Baina berauek modu egokian konbinatuz, mintza-saioetan gehiegi zabaldu den monotipoa aniztea lortu behar dugu.
Bekatu nagusiak zazpi zirenez, hementxe ematen dut bukatutzat (epilogoaren zain) auto-ikaskuntzari buruzko zazpi ataleko aitorpen hau. Gauza gehiago ere badira ganbaran, beude horretan, ez baitut kontu honekin inor gogaitu nahi. Gainera, bekatu guzti guztiak aitortzea ere ez da ona izaten.
Bada, badakizue auto-ikaskuntzaren diseinatzaile jaun-andreok aurten bai penitentzian hogeita hamarren bat “habemaria” errezatu eta ea hurrengoan txintxoago portatzen zareten.
3 Comments:
Osakidetzako hiru langilerekin ibili nintzen lehengo egunean. Euskaltzaleak, ikasle finak, ahalegina egiten dabiltzanak,... eta haiek ere erreta: "Gero lanean ez digute eskatzen", "Guri 3. HE eta medikuei 2.a besterik ez", "eta goiko karguei ezer ere ez",... Gauza asko juntatu dira hemen nire ustez: euskarak balio sinbolikoa edukitzetik balio praktikoa izatera pasatzen denean "xarma" galtzea logikoa da. Erakunde eta enpresetan jendea ikasten ipintzen bada atzetik ez badago -edo ikusten ez bada- normalizazio plan argia eta kontsentsuatua, noraeza eta ondoeza etorriko dira. Gure egoeran euskara ikastea ez da erraza, hizkuntza normalizatu batek bere lurraldean sortzen duen presio soziala falta da, Osakidetzaren kasuan bezeroen eskakizun argia eta zabala adibidez. Eta euskaltegioi sarritan erresumin horientzat baselina ematea ere tokatzen zaigu. Eta geuk ere eutsi eta animoa hartu behar dugu, bestela... geu ere erre.
Bertendonako koadrilakoekin iaz jardun behar izan zuten lankideekin akordatu naiz.
4:22 AM
This comment has been removed by a blog administrator.
5:41 AM
Argi dago euskara berreskuratu nahi badugu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta daitezen, beharrezkoa dela presio punttu bat (presio hori ez balego, euskaltegiak erdi hutsik leudeke) baina kontuz ibili behar dugu; ez baita egokia eta ezta eraginkorra ere presio hori errefus bihurtzea. Baliabideak jarri behar dira ez daitezen betikoak izan ahaleginaren idiak.
Horrez gain, euskararen ikas-irakaskuntzaren azken helburua erabilerari lotu behar zaio. Zertan dihardugu bestela?
5:47 AM
Post a Comment
<< Home