Gorra, mutua, itsua, mantxua
- Bloga idatzi beharko zenuke- esan zidan behinola Iñigok. Eta hemen nauzue nagiak astindu eta uretan jostari. Hogeita hiru urte luze-labur daramat euskara irakasle, atzenengo bostak auto-ikaskuntza deiturikoan. Denboraren jarioak oroimenaren putzuan han-hemenka zenbait objektu arin utzi dizkit urrazalean (plisti) eta beste zenbait amildu zaizkit ursakonean (plasta). Horiek guztiak bistaratzen ahaleginduko natzaizue, anabasan, inoren ordezkari izan gabe, kritiko, aske. Harik eta etorriaren putzua lehortu edo Iñigok -Bloga itxi beharko zenuke- esan arte behintzat.
Plisti
Orduan mahai baten inguruan jesarrita lau trebetasun nagusiak ikusi nituen jolasean, adar-joka. Ipuineko amaordea ispiluari galdezka aritzen zitzaion tankeran – lrakasletxo, irakasletxo... laurotatik zein da politena?- galdetzen zidaten.
Beste lagun talde bat ere irudikatu nuen; bertan itsua (ezin irakurri zuena), mutua (ezin hitz egin zuena), mantxua(ezin idatzi zuena) eta gorra (ezin entzun zuena) ari ziren bata besteari pasadizoren bat kontatu nahian. Mutua eta gorra ziren zalantzarik gabe zailtasun gehien zituztenak. Hori ikusita nire estutasunak gaina hartu eta Miguelen edo Milaren azalez jantzi nintzen.
Entzumenari buruz irakurri eta gehiago hausnartu beharrean nagoela esan nahi dut, alajainkoa! Hain naiz gorra, mutua, mantxua eta itsua batzuetan!
Auto-ikaskuntzaren bekatu nagusiak (I): auto-ikaskuntza kontzeptua bera.
Martinez Aldanondo irakaslearen artikulu baten tituluaz baliatuz, autoikaskuntza deiturikoaren bekatu nagusiak azaleratzen saiatuko natzaizue aurrerantzean. Hasteko esango dizuet bat natorrela, adostasun sakona dudala (esperientziak emana eta ez konbentzimenduak) arestian aipatutako irakaslearekin eta biziki gomendatzen dizuedala beronen artikuluen irakurketa arretatsua. Hala bada, has gaitezen behingoz.
Mundu errealean, ostera, ikasleak auto-.ikaskuntza aukeratzen du bere lan ordutegiari hobekien erantzuten dion modeloa delako, ez du ikas-estrategia berezirik eta teknologia ez zaio gehiegi atsegin. Egia esan, mundu errealean gure ikasle tipoa txandaka dabilen erizaina da , txanda bukatu ostean etxeko lanak eta umeak zaindu behar dituena eta gainera... euskara ikastera derrigortuta dagoena!
Konturatzen al gara zer eskatzen diegun ikasleei? Motibazioa, denbora, adimena, lana, zaletasuna, autonomia... Ditxosozko hitza: autonomia. Ordenagailuak sartu genituen gelan “klik” egin eta Txan magoa bagina bezala, auto-ikaskuntza asmatu genuen. Ez dut uste honetara etortzen zaizkigun ikasleak ohiko taldeetakoak baino autonomoagoak direnik. Etxea teilatutik hasi dugulakoan nago.
Gure sistemak abantailaren bat badu, pertsonalizazioarena da. Ikaslearekin banaka aritzearena “1 to 1”. Egoki eta beharrezko tresnak erabiliz eginez gero, jarraipen zehatza ahalbideratzen duena (egoki eginez gero diot, ezen batzuetan zibergelaren diseinuak berak untxitegia baitakarkit burura). Besteak beste, pertsonalizazioa eta jarraipena izan behar dira auto-ebaluazioa garatuz, autonomiaren suspertzaile.
Jar ditzagun lehenengoz pertsonalizazioaren zimenduak, beronen bidez autonomiaren adreiluak ipintzeko eta azkenik, denbora apur bat pasatakoan (etxeak egiteko denbora beharrezkoa baita) hitz egingo dugu auto-ikaskuntzaz. Bestela, auto-ikaskuntzak eta autonomiak “arréglatelas como puedas”-en zantzuak baititu.
Edozein gauza berri sortzen denean berriaren beldur direnak kontra aritzen dira tiraka (horrelako asko ezagutzen ditut), beste batzuek gauza berriez liluratu eta idealizaziora jotzen dute (gutxi irauten die ametsak) eta badira behatzaile hutsaren papera hartzen dutenak ere (horrelakoak ere asko dira). Nik neuk sinestu egiten dut auto-ikaskuntzan, sistema eraginkorra izan daiteke baina oraindik ez da. Saia gaitezen bada ametsa amesgaizto (porrot) bihur ez dadin lehenbailehen norabidea aldatzen, lemarik ezean plisti-plastaka baino ez bada ere.
3 Comments:
Ongi etorri ba. Horrelakoak behar ditugu gehiago. Animo eta aurrera!
Bide batez, jarioa (xml-rss-edo) gaituko bazenu eskertuko nizuke, nik blogak horrela jarraitzen ditut eta.
7:06 AM
(aurrekoan prisarekin ibili eta ongi etorria emateko astia baino ez)
Entzumenarena (edo ulermena edo entzutezkoaren ulermena)eskolan gutxien lantzen den trebetasuna da seguruenik. Hizkuntza erabiltzea gehien bat hitz egitea eta idaztea dela uste izaten dugu, irakurtzea ere bai neurri baten, baina ez dakit zergatik, entzuten dena ulertzen berez ikasten dela uste dugu, landu barik, eta material gutxi aurkituko duzu horretarako, eta daudenak betiko hutsuneak bete, aukera anitzeko galderak,... Xede hizkuntza behatzen, aztertzen, dekodetzen eta interpretatzen trebatzen ez den bitartean ikasleak hizkuntza "hipotetikoa" eraikitzeko arriskua dauka, eta komunikazioa burutzeko arazo handiak.
3:59 PM
maine cruise vacation
11:47 AM
Post a Comment
<< Home