Qalitatea
Plisti
Ugaritu egin zaizkigu kalitatea neurtzen ei duten ziurtagiriak (Q, ISO, AENOR...). Hezkuntzaren munduan ere aspalditxo gabiltza kalitatearen kontu honekin aztaka. Kalitatearena autu garrantzitsua dela ziur naiz baina ziurtagirien kontu horrekin zalantzak ditut. Hainbeste ugaritu dira ezen gaur egun dena baita labelduna.
Kezkak kezka, beti bezala ikasleei galdezka hasi natzaie (institutuko irakasle bati, ikastetxe bateko jantokiko arduradun bati, erizain bati eta mediku bati, hain zuzen) eta laurek aho batez esan didate burokrazia potoloa dela. Batek kokoteraino zegoela paperak betetzeaz eta sortzen zuen lankideekiko lehiaz, besteak orain lapikoan termometroa sartu behar zuela fitxan janariaren hozberoa apuntatzeko, hurrenak paperak betetzeko balio zuela baina paperak sendatzeko ez...
Ez dakit ba, ezjakin hutsa naiz honetan eta ezjakina beti ausarta izaten omen da baina harritu egin nau guztiek ziurtagiri hauei buruz duten iritzi eskasak.
Behinola koinatuari gertatutakoa gogoratu dut. Lantegian atzamar batean min hartu eta sendagilearengana jo zuen. Sendagileak atzamarrari begiratu aurretik, ordenagailuz formularioa betetzeari ekin ei zion ( ea non zeukan min, nola egin zuen...) koinatuaren haserrea piztuz.
Ai, Jainkoa! Kalitatearen alde apostu egin behar dugu, zalantza izpirik gabe (dena beharrean gabiltza) baina Qalitatearen kontu hau ez dakit ba, marketing hutsa ez ote den.
Plasta
Auto-ikaskuntzaren bekatu nagusiak (VI) : Tutoretza
Hiru akats nagusi gerta litezke tutoretza garaian: 1- Tutoretza Boga programaren pentzu jarri ( tutoretzak ardatzetako bat izan behar du eta ez osagai) 2- Tutoretzan ikaslearen jarraipen desegokia egin ( ikas-irakaskuntzaren pertsonalizazioaren eta garapenaren kaltetan) 3- Syllabus paraleloa ez eraiki eta pisu guztia Bogak ezartzen duen syllabus estrukturalean ezarri. Akatsok saihesteko nik neuk erabiltzen dudan prozedura azaltzen saiatuko natzaizue:
- Ikaslearen jarraipen orri dinamikoa
Worden egindako ikaslez ikasleko orriak dira. Bertan honakoak jasotzen dira:
1. zatian
. Ikaslearen izena . Hasiera helburua . Bogako maila . Zein den azken tutoretzan jada aztertutako estratoa eta saioa . Azken tutoretzaren data . Aurreko asteko asistentzia . Ea aurreko astean etorri den tutoretzara eta mintza-saioetara (guk astean ordubeteko bi mintza-saio eskaintzen dizkiegu) . Tutoretza horretan egin beharreko mintza-ariketaren erreferentzia . Aurreko saioan emandako etxerako-lanak . Hurrengo saiorako etxerako lanak . Oharrak
2. zatian
Zati hau osatzeko ikasle bakoitzaren ahozko diskurtsoa eta idatzizko diskurtsoa aztertuko da ikastaro hasieran, erdian eta bukaeran gutxienik (entzumenarekin edo irakurmenarekin arazoak baditu, jasotzea komeni da). Beronetarako, ahal dela behintzat, grabazioak mintzamenean eta portfolioak idazmenean erabiltzea da egokiena. Testu-eraketa, baliabide linguistikoak eta zuzentasuna (idazmenaren kasuan); eta jarioa/ egokitasuna, elkarreragina/ gaiaren garapena eta zuzentasuna/aberastasuna (mintzamenaren kasuan) ebaluatzeko behaketa-txantilloiez baliatuz osatuko da atal hau. Bertan, ikaslearen akatsak modu literalean jasoko dira.
3. zatian
Une horretan garatzen ari den tutoretzan sortutako hutsak ( edo bereziki egokiak diren esaldiak...) modu literalean jasotzen dira. Bertan ageriko dira halaber, aurreko saioetan eginiko akats zuzendu gabeak.
Lehen hemen jasotzen nituen idazlaneko hutsak ere, baina gaur egun idazlana fotokopiatu egiten dut tutoretza saioan komentatu ahal izateko (era honek portfolioa ahalbideratzen du , modu kontestualizatuan zuzendu daiteke eta erosoagoa da).
Oharra: Ikaslearen jarraipen orri honek burokraziatik ihes egin behar du. Zerbait hutsala edo baliagarria ez bada, ez da betetzen eta kitto!
- Tutoretza-saioen protokoloa.
Saioa hasi aurretik:
Ikasleak aste horretan idazlana egin du eta irakasleak zuzendu egin dio (akatsak markatuz soilik, paragrafoak berridazteko esanez...). Ikasleak idazlana zuzenduta ekarri beharko du saiora. Aurreko turoretzan izandako akatsak zuzentzeko saiakera ere eginda izan behar du, eta bidalitako etxerako-lanak beteta. Bestalde, saioa hasi baino 15/20’ lehenago irakasleak tutoretza horretan garatu beharko duen mintza-ariketaren berri emango dio, berau presta dezan: elkarrizketa gidatua, komikiaren kontaketa, entzundakoaren kontaketa, deskribapena, gaia... edo dena delakoa (syllabus paraleloa).
Saioan bertan:
Lehenengo, mintza-ariketa egiten da. Irakasleak akatsak (eta beste) modu literalean apuntatzen ditu jarraipen fitxaren hirugarren zatian. Mintza-ariketa bukatutakoan, fitxaren zati hau inprimatu eta ikasleari ematen dio eta izandako gorabeherak komentatzen dituzte. Ikasleak ez du ia ezer apuntatzen (une honetan apuntatu beharrean, bi edo hiru egun beranduago konpontzen saiatzeko esaten zaio, honela ezagutza kontsolidatua denetz neurtu ahal izateko).
Jarraipen fitxaren hirugarren zati honetatik tiraka, aurreko saioan/saioetan egindako akatsez galdetzen zaio. Zuzenduz gero, ezabatu egiten dira.
Ondoren, jarraipen orriko bigarren zatiko pare bat item-ez aritu. Nahiz eta zuzendu, hauek ez dira ezabatzen (zuzenak eta zuzendu gabeak bi kolorez bereizten dira).
Asistentziaz hitz egiten da.
Bogak emandako estratoaren azterketa txostena ematen zaie eta bertan ageri diren gorabeherez galdetu.
Galderak / zalantzak dituzten galdetu (direnak direla).
Aste horretan egindako idazlana eta etxerako lanak berrikusten dira.
Bukatzeko, hurrengo saiorako etxerako-lanak ematen zaizkio ikasleari.
Eta tartean kurrikulu ezkutuari dagozkion zenbait kontutxo (umorea, motibazioa...) nire ustetan besteak bezain garrantzitsuak direnak.
Eta norbaitek galdetuko dit. Eta hori guztia ordu erdian? Bada, batzuetan bai, baina gehienetan (posible denean behinik behin) ez zaio erlojuari gehiegi begiratu behar. Utopia? Ez, ez da utopia guk aplikatu egiten baitugu eta hau guztia eginda ozta-ozta heltzen gara ohiko taldeetan eskaintzen den konpetentzia mailara. Badakit, ez dugula HABEren estandar didaktikoa betetzen baina edo gu irakasle/ikasle trakets samarrak gara edo aurreikusitako estandarrak sustrai didaktiko gutxi ditu. Zuona da iritzia.
3 Comments:
Karrajuan jarraitu dut kalitatearen kontu honekin: http://karrajua.org/blog/benito/qalitatea.
Hemen idatzi nahi nuen baina blogger-ek ez du komentarioetan taulak sartzen uzten eta trackback-ak bidaltzen ere ez.
5:36 AM
Mila esker, Benito. Ez dago arazorik, zeurean jarraituko dugu lasai asko. Dena den, egiten dituzun ekarpenak irakurri ostean, are eta gehiago konprenitzen ditut nire ikasleen kexak eta ziurrago nago norbaitek kalitatearen izenean qalitatea ezarri nahi digula. Kupela urez bete, alegia.
10:35 AM
Qalitate horren kontua gehien bat domina ipintzea da, eta dominak saldu egiten du. Berba politekin ahoa betetzeko erraztasuna daukagu, hau da, berehala egiten gara [Jarri hemen nahi duzun berba handia] alderdiaren militante-aktibistak, askotan alderdi horren programa irakurri eta mamitu gabe. Gehiago arduratzen gara alderdiko pegatina paparrean ondo ikusteko moduan ipintzen programa garatzen baino.
Egin genezake azkenengo urteotan agertu diren "alderdien" zerrenda. Hona batzuk: Ataza, AOI, komunikatiboa, estrategikoa,.... (Gehitu nahi duzuna).
11:04 AM
Post a Comment
<< Home