"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Monday, May 01, 2006

Maitiak galde egin zautan


Plisti

Teresak “duenentz” edo “duenetz” esan behar den galdetu dit gaur goizean. Bogan “duenentz” jartzen ei du , bertan horrela lantzen omen da gainera. Euskaltzaindiaren orrira jo eta “–netz” forma hobesten dela esan diot. Baina artean aspaldiko ateraldia etorri zait gogora (hainbeste denbora eman ondoren "pelikuliari" "flim" esan behar zaiola ikasteko eta orain "luzemetralla" esan behar omen diogu).

Hain gara intseguruak gure hizkuntzarekin! Arauak hainbesteraino gorde behar honekin arnasa hartzen ere ez diogu uzten inori. Batzuek (irakasle jendeak gehienetan) Euskaltzaindiaren arau multzoa Kode Penala bailitzan erabiltzen dute beren burua fiskal (edo “segurata”) izendatuta. Ni neu intsumiso bihurtzen hasia nago, ez nago prest bizitza guztia arauak ikasten emateko eta. Hobe genuke narrasago jokatu eta hizkuntza biziago eta askeago bati bide egingo bagenio. Honela, akaso denbora aterako genuke didaktikaz, andragogiaz eta horrelakoez apur bat aritzeko.

Kanta polit bat ere etorri zait burura baina ez dakit ba, zuzen zuenganatuko dudan, akitzen ere hasia naiz eta. Horrela zioen: “Maitiak galde egin zautan lana banuene(n)(t)z, maitiak galde egin zautan lana banuene(n)(t)z, lana...lana banuela baina gogorik ez, gogorik ez” (horixe, bada, gertatzen zait niri ere).


Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatu nagusiak (II): administrazioaren jokabidea.

Aspaldiko foro batean, zera nioen:

“Auto-ikaskuntza deituriko honetan gabiltzanok administrazioa gure sistema irentsi ezinik dabilenaren sentsazioa izaten dugu maiz: aurrera-atzera, ratio eta ordu kopuru mekanizistak ezarriz, dena karratu nahian, ohiko taldeen parametroetan sartu nahian, -café para todos-... Azkenean traba egiten dugunaren sentsazioa ere izan dut batzuetan. Sisteman ez dela gehiegi sinesten, alegia.

Ez dakit nik argi dagoen burokraziak eta sosek (daudenak daudela) didaktikaren zerbitzupeko tresnak izan behar dutela. Honetaz konturatzen ez diren bitartean, dena kaxoi estuetan sartzen saiatzen diren bitartean, armairuak ez du itxura onik izango: trapu zaharrak eta jantzi berriak nahasian.”

Hitz horiek idatzi nituenetik denbora dexente pasa bada ere, egoerak bere horretan dirauelakoan nago. Nola uler daiteke bestela auto-ikaskuntzaren munduan HABEk paper pasiboa (eroslearena) eta Aurten Bai-k aktiboa (saltzailearena) izatea? Administrazioa hartz geldoa bezala mugitu da. Ez du ulertu oraingo garaiotan garrantzitsuena ez dela handia/ txikia elkarreragina, bizkorra/geldoa baizik. HABEk erabaki al du BOGAren eredu didaktikoa? Eta horrela bada edo ez bada, syllabus kurrikularra al du?

Nire ustetan e-learningaren munduak esku hutsik/ buru hutsik ia harrapatu du HABE eta beronek dakartzan inplikazio didaktikoetan murgildu beharrean, produktu bat erosi du (zegoen bakarra) atzean ez geratzeko . Hori guztia kezkagarria bada ere, are kezkagarriagoa da bere erreakzio bakarra normatibizazio mailakoa izatea. Fenomeno berria ondo ulertu eta garatze bidean jarri beharrean, gainera etorri zaion uholdea arautu nahi izan du, ohikoa bezalakoa bihurtu, orduak eta sosak abiapuntu.

Behinola, ikastaro batean HABEk atera berri zuen dekretuak diruz lagundutako estandar didaktikoa zertan oinarritzen zen galdetu nuen eta inork ez zidan erantzunik eman. Neuretzat daukat estandar didaktiko hori ez duela didaktika sailak erabaki, diruaz arduratzen direnek baizik.

Daukagun programa informatikoaz, bi astean behin ordu erdiko tutoretza saio bat emanda eta asteroko ordu beteko mintza-saioaz ezin esan ikas-irakaskuntza sistema oso eta fidagarria eskaintzen ari garenik.

Aztertu al dute HABEn Bogaren syllabusa, tenporalizazioa, kontzeptu didaktikoa, behar diren baliabideen nolakotasuna...? Eta Bogatik haratago sistemaren beraren beharrak, norabidea...? Edo sikiera ba al dute horretan aritzeko asmorik?

Horrela izango ahal da!

Dena den, gogora ditzagun badaezpada ere Martinez Aldanondoren hitzok:

“La tecnología es un gran acelerador de procesos y modelos cuando éstos funcionan adecuadamente. Lo que ocurre es que añadir tecnología a un modelo deficiente no sólo no lo mejora, sino que lo empeora”

1 Comments:

Blogger Bontxi(e)k dio...

Hizkuntza-autoritatearenarekin ados totalmentean. Nik aspaldian erabaki nuen ikasleari "horrela esan behar da" esan barik, "nik horrela esango nuke", "nire inguruan horrela esaten da" edo "horrela hobeto ematen dit" esatea, eta berari ahalik eta gehien erabakitzen uztea. Hizkuntz-entendiduaren paperarekin nekatu egin nintzen egia esanda.
HABErena dela eta, autoikaskuntzan eta gainerakoan ere... Mailaketa sistema daukazu, HEOKen 3 maila predikatu eta administrazioan 12 urratsekin jarraitzen dugu, 12 urrats hauen definizio kurrikularrik ez dagoenean. Eta neuk behintzat ez diot aldatzeko trazarik ikusten. Europako markoaren zain ote? Bizkortasuna gure sekore guztian falta dela esango nuke, baina HABErena alarmantea izaten da sarritan.

7:22 AM

 

Post a Comment

<< Home