Mutua mintzo
Plisti
(Eszena euskaltegi bateko ikasgelan gertatzen da. Bertan irakaslea eta ikaslea zutik eta aurrez aurre ageri dira; beste zenbait ikasle ere adi daude)
IKASLEA: Aizu, Mikel. Hilaren 20an egin behar dugun 2. mailako azterketa ofiziala al da?
IRAKASLEA: Bai ba, nola ez! Habek deiturikoa da eta.
IKASLEA: Eta gainditzea lortuko banu, baliokidetuta al dago?
IRAKASLEA (lotsatu imintzioak eginez): Ba...ez...ez.
IKASLEA: Berria delako, ala?
IRAKASLEA (aurpegia gorri): Ez, ez da berria. Hirugarren urtea du hau.
IKASLEA: Eta nola liteke ba hori?
IRAKASLEA (gorri-gorri dagoeneko):............................................
IKASLEA: Mutua mintzo. Aizu eta gainditzen ez badut, egongo al da irailean beste deialdirik?
IRAKASLEA (aurpegia more): Ez. Orain arte ez dute horrelakorik egin.
IKASLEA: Bitxia benetan zuen azterketa ofizial hau.
IRAKASLEA: Gure azterketa diozu? Ai, guk egindakoa balitz! Dena den, hurrengo batean kontatuko dizut honi buruzko ipuin polit askoa.
IKASLEA (irribarre batez): Zu eta zure ipuinak. Ipuinak beti ipuin Mikel!
(Ikaslea apur bat haserre, apur bat harrituta bere aulkian jesartzen da. Idazteari ekiten dio ikaskideen begiradapean)
Plasta
Auto-ikaskuntzaren bekatuak (III): Bogaren infozentrismoa
Auto-ikaskuntzaren munduan diharduen hainbat adituren ustetan, infozentrismoa da sistema berriak pairatu duen gaitzetako bat. Infozentrismoa, hitz gutxitan azalduta, sistema zaharraren paradigma da. Gurera ekarrita: administrazioak euskara ikasteko transmititu beharreko edukiak sailkatzen ditu (syllabusa), irakasleak edukiok transmititzen dizkio ikasleari eta honek memorizatu ostean, galdetu egiten dizkio.
Gaur egungo paradigmak, ostera, eginez ikasten dela esaten digu, arituz alegia. Praktika honetan ematen diren akatsak ikasbide izanik eta edukiak negoziatuz.
Kurrikuluaren inguruan aritzen ginenean, argi ikusten genuen APP (Aurkezpena, Praktika kontrolatua, Praktika askea) segidatik AOI (Atazetan Oinarritutako Irakaskuntza) kontzeptura pasa beharra.
Bada, emaiozue begiradatxoa Bogari, zuritu apur bat azal teknologikoa, erreparatu muin didaktikoari (APP? AOI?) eta ikusiko duzue zein den bere benetako bihotza.
Nik ez dut honetan zalantzarik, infozentrismoak eta paradigma zaharrak jota dugu gure programa informatiko erabiliena. Sarean dago bai, itxura modernoa du nola ez, baina didaktikoki antzinako ajeak ditu. Entzutea, irakurtzea eta memorizatzea ikastea dela uste du eta erantzuna aukeratzea praktikaren sinonimotzat jotzen du. Ez du ikaslea benetako praktikara bideratzen.
Boga gehienbat ezagutzaren transmisioan, eta haratago joanda ezagutza gramatikalaren transmisioan oinarritzen da; identifikazioan eta ez erabileran; kontzeptualki HEOKa baino lehen edo beronen hastapenetan kokatuz.
Beldur naiz honetan ere ez ote dioten gehiago azalari, softwareari, begiratu eduki didaktikoaren kaltetan.
Eta badakizue, nire lagun batek esaten duen moduan “urrazalari begiratuta arrain gutxi harrapatzen dittuk, txikito”.
7 Comments:
Interesantea infozentrismoaren kontzeptua eta gurera ekartzeko modua. Bila hasita, artikulu hau topatu dut, hortik tiratzen hasi liteke. Pentsatzen hasita, BOGAk teknozentrismotik ere ez dauka apur bat?
2:13 AM
Arrazoi duzu, teknozentrismotik ere asko du (berau izango da aipatuko dudan bostgarren bekatu nagusia).Interesgarria eskaintzen diguzun artikulua. Mila esker.
7:25 AM
Infozentrismoaren kontzeptutik haratago paradigma zaharraren eta berriaren arteko borroka dugu. Konduktibismoa gainditu eta Konstruktibismoaren garaian gaude. Konstruktibismoarentzat ikaslea da ikas-irakasprozesuaren gune (pertsonalizazioaren beharra), berau ez da informazio jasotzaile hutsa; eduki kurrikularrak ikaskuntzari dagozkio eta ez hainbeste irakaskuntzari eta irakasleak ezagutza gordailu eta transmisore izatetik ikas-prozesuaren laguntzaile eta bideratzaile izaterainoko jauzia eman behar du.
Horixe da bada, paradigmaren kontua. Nire ustetan produktu berria ateratzen denean ezin da teknologiaz paradigma zaharra (konduktibismoa) ezkutatu. Produktu berri horrek paradigma berria (konstruktibismoa) izan beharko luke ardatz.
Beste kontu bat da mugimendu pendularrarena; erabileran indarra jartzeak ez du esan nahi ezagutzari garrantzia ukatu behar zaionik. Baina informazioa eta ezagutza ez dira gauza bera; informazioak ez dakar berez ezagutza. Erabilera da ezagutza kontsolidatuaren giltzarri, informazioak ere bere papera daukan arren.
Luzeegi aritu naiz oraingoan ere, baina izango dugu beste batean honi buruz aritzeko beta.
3:32 AM
Barkatu aurreko mezua okertu eta bestebariken izenean bidali izana.
3:56 AM
Delatatu egin zara. Je, je, je,...
Ezagutzaz diozunari gero eta argiago daukadan kontua: ikaslea hizkunta "erabiltzen" trebatzea dugu azkenengo helburua. Ezagutza erabiltzearen partea baino ez da. Era berean, erabilera erabiltzen ikasteko bidea da (eginaren eginez egiten ikasi), praktika deitzen dena.
5:14 AM
Ados. Kontua da zerk elikatzen duen ezagutza: informazioak ala erabilerak. Paradigma zaharraren norabidean informazioa, ezagutza, erabilera segida zegoen oinarrian, ordena horretan (programa informatiko bidez erraz samar eraikigarria)(eredu editorialista-infozentrista, alegia). Konstrutibismoak, berriz, erabilera, informazioa, ezagutza kontsolidatua segida proposatzen digu (informatikoki eraikitzeko konplexuagoa baina luzarora eragingarriagoa).
Bestalde, ez zait gehiegi inporta delatatzea baina zuk horrela uste arren, oraingo honetan justuan izan bada ere ez da honela gertatu. Nahigabe sortutako pista faltsua besterik ez da izan.Komaidios!:-D
8:14 AM
Teknologia dela eta apuntetxua besterik ez. Ez dakit konturatzen garen, baina IKTen aurrerakuntza hizkuntzaren erabilera esparruak zabaltzen ari da: hizkuntza denbora gehiagorekin, jende gehiagorekin eta formatu gehiagotan erabiltzeko aukera daukagu. Adibidez, gu bion arteko komunikazio hau teknologiagatik izan ez balitz, ez zen gertatuko seguruenik.
Beraz, ordenagailuak robot modura (informazioa arinago eta politago zabaltzearren)ikusi barik telefonoa bezala ikus ditzagun: komunikazio tresnak.
Erabilera ezagutza eta trebeziaren abiapuntua bada (horixe esaten gabiltzala uste dut)eta tekonologiak erabilerarako aukerak ugaltzen baditu, ekin diezaiogun hortik. Adibidez, ni neu berbalagunekin e-postaz ere mezuak botatzen hasi naiz. "Input" gehiago haientzat.
A, eta trankil, delazioarena gure artean geratuko da eta |-'.
10:57 AM
Post a Comment
<< Home