"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Saturday, May 20, 2006

Motibazio emozionalaz: maitasuna, beldurra, papera, odola

Plisti

Karrajuak bere atari bikainean euskalduntzearen 4. maila arautzearen haritik tiraka zera dio: “Dena dela, HABEren adierazpenetan ikaslearen motibazioa eta parte hartzea ezinbestekotzat jotzen da. Gaur egun gizartean euskara haraino lantzeko halako grina zabalik badago? Motibazio instrumentalak adore nahikoa emango ote du? Tituluen amuak noiz arte iraungo du euskarak benetako indar soziala hartu arte? Agiri gehiago ezartzea nahikoa ote da euskalduntzeari behar den moduko sakada emateko? Zerbait gehiago behar delakoan nago, CACA zertifikatuarekin akordatu nahi ez badugu behintzat.”
Funtsezko galderak dira, bete-betean asmatzen dutenak.
Hitz egin dezagun bada, motibazioaz. Motibazioaz ari izan garenean betidanik motibazio integrazionala (xede hizkuntzaren komunitatean integratu nahia), instrumentala (xede-hizkuntzaren ezagutza frogatzeko exijentzia bete beharra) eta mixtoa bereiztu ditugu; eta emaitzei begira bata ala bestea hobetsi. Ados egon izan gara motibazioa ikas-prozesuaren motorra martxan mantentzen duen erregaia dela esatean eta abar eta abar...
Horiek guztiak egia izanagatik, bada kezkatzen nauen kontutxo sinple-sinple pare bat; batez ere adimen emozionalari erreparatu diogun garaiotan. Hona: ikasleak euskara nahi edo behar duelako ikasten du.
Nahi duelako ikasten duena, emozio positiboz elikatzen da (xede-hizkuntzarekiko/komunitatearekiko enpatia / gustua...). Buruaz eta bihotzaz ere ikasten du.
Behar duelako ikasten duena, gehienbat emozio negatiboz elikatzen da (kasurik okerrenetan beldurra dago sustraian, lan-postua kolokan izatearen beldurra edo gehiegizkotzat jotzen duen exigentzia). Buruaz ikasten du baina bihotza hotz.
Historiaren akuilu diren maitasuna eta beldurra beti present, alajaina. Eta ni neu bihotzaz buruaz bezainbat ikasten delakoan nago.
Ikas-prozesuaren hasierako motibazioa (integrazionala, instrumentala edo mixtoa) izateak garrantzia du baina ikas-prozesuan bertan beharrezkoa den etengabeko motibazioan; motibazioa emozionala deituko diogun honek, are garrantzi handiagoa duelakoan nago. Eta zer esanik ez, ezagutza/ erabilera jauzian gaur egungo egoera sozio-politikoan, bederen.
Barkatuko didazue ingurumarietan aritu izana baina Karrajuaren galderak gogoan, aurreko batean bezala diot “ paperez betetako soroan garia urri”. Hau da, nire ustetan gaur egungo egoeran euskara nahi dutelako ikasten dutenen artean titulua ez da ezinbesteko jomuga eta behar dutelako ikasten dutenen artean, berriz, oso gutxiri exigituko zaio maila hori.

Beharrezkoa zen laugarren maila definitzea eta langa jartzea, ez dut ukatuko; baina honelakoetan ekimen gehiegi jartzen dugulakoan nago. Beste bide batzuk ere urratu behar ditugu: ikastaro ez hain arautuak, ikaslearen interesen neurrikoak, euskara tresna dutenak eta ez helburu bakar, norberaren bizitzarako “plusak” eskaintzen dituztenak, motibazio emozional positiboa indartzen dutenak... (odola eta ez bakarrik papera).


Plasta


Auto-ikaskuntzaren bekatuak (V): teknozentrismoa

Martinez Aldanondok dio testu bat ez dela beste bat baino hobea bata boligrafoz eta bestea wordean idatzita dagoelako. Testuak berezko kalitatea behar duela, soporte informatikoak ez diola kalitaterik gehitzen, alegia. Bestela pentsatzea teknozentrismoan erortzea litzatekeela.
Gatoz geurera. Sistemak hiru ardatz ageriko ditu: Boga, Tutoretza eta Mintza-saioak. Nire ustetan hirurek elkar elikatu behar dute. Tutoretza eta Mintza-saioak ez dira Bogaren osagarri; honetara makurtzea izango litzateke teknozentrismoa. Batzuek uste dute Tutoretzak Bogan sortutako zalantzak argitzeko direla eta Mintza-saioak Bogaren mintzamen gabeziak osatzeko. HABEren estandar didaktikoak ere ematen du hori pentsatzeko bide (tutoretza 15 minutu astean / ordubeteko Mintza-saioa astean / Boga nahi beste). Ez dut uste horrela izan behar duenik, inola ere.
Ordenagailuak tresna izan behar du, ez sistemaren muina. Sistemaren muina pertsonak dira: ikasleak eta irakasleak, alegia. Oraindik dut gogoan irakasle batek egin zidan galdera: “Ez al da Boga programa gramatikala?”. Baiezkoa eman nion, halabeharrez. Baina horrek ez zuela esan nahi guk generabilen sistemak gramatikala izan behar zuenik. Programa informatikoa ardatz izango balitz, horrela izango zela zalantza barik, baina programa informatikoaz gain, Tutoretzak eta Mintza-saioak geneuzkala, guztira sistema bat osatuz.
Tutoretza eta Mintza-saioen bidez, programa informatikoak eta beharrezko dituen osagarriek ahalbideratutako ezagutza erabilerara lerratu behar dugu, sistema osatuz, syllabus paraleloak ezarriz.
Syllabus paraleloarenak merezi du unetxo bat hartzea. Azken batez modu intuitiboan beti erabili baitugu eta erabiltzen dugu oraindik ere.
K.a. (ez da Kristo aurretik; kurrikulu aurretik baizik) gramatika-edukien taxonomiak definitzen zuen gehienbat urratsa, horixe zen lehenengo syllabusa. Baina trebetasun bakoitzak ere bazuen bere syllabusa ( Idazmenaren kasuan adib: deskribapena, oharra, postala, gutun informala...). Hona bigarren syllabusa; erabilerara lerratua, gainera. Bada K.o. ere Bogaren planteamendua aldatzen ez den bitartean, syllabus paraleloa ezarri beharko dugu Tutoretzen eta Mintza-saioen bidez. Blended garaiak, garai nahasiak ditugula,demonio!

2 Comments:

Blogger Bontxi(e)k dio...

Nik motibazioaren kontuan ez nuke "nahi" eta "behar" bereiztuko. Motibazioa azken baten "nahi" izatea da, arrazoi bat edo bestegatik: maitasunagatik (euskaltegira ligatzeko apuntatzen direnak ere hemen sartuko ditugu?), beharragatik, jakinminagatik, ... Motibazioaren klabea nire ustez ez da hasierako motibazio hori, norberaren espektatibak betetzen direla ikustea baino eta ikasi duzunak zeozertarako balio dutela ikustea. Hain zuzen ere "maitasunagatik" hasten diren askori hortixik etortzen zaie desengañoa: maiteminduta zeukaten laztan hori deskubritzen doazen neurrian hain goxoa, hain osasuntsua eta hain samurra ez dela ikustean. Horixe esan nahi nuen 4. mailako kontuarekin, eskatzen den maila hori eskuratzeko ahalegina egin eta lortzeko egiten duzunak zerbaitetarako izan dela ikustea, "maitiak" ere maite zaituela benetan ikustea, bizi dela eta ez dela halako Dulcinea idealizatu-urrun-misteriotsua.
Blended hori dela eta ez dela hau irakurri nuen lehenego egunean Gregoriren blogean. Zuk bota dituzun bekatuekin lotuta, panazearik ez dagoela dirudi.

10:06 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Bada, zer nahi duzu esatea nik uste dut motibazio emozionala existitu egiten dela eta etengabe elikatu beharrekoa dela gainera. Ikasleak egiten duen ahaleginak etorkizunean konpentsazioa izango duela pentsatzez ez ezik, ikasten ari den unean ere jaso behar ditu konpentsazio brintzak.
Buruaz eta bihotzaz ikasi, alegia.
Baina bihotzaz ikasteak ez du esan nahi euskararekiko maitasuna duenik ez; askosaz sentimendu pertsonalagoa, intimoagoa eta hala nahi izanez gero berekoiagoa da. Niri aspaldi geografia ikasgaia gustatzen zitzaidan; ez geografia maite nuelako, baizik eta beronen ikasketak satisfakzio pertsonalak ematen zizkidalako.
Bestalde, arrazoi duzu "maitasunagatik" hasten diren askori etortzen zaie desengañoa, maiteminak errealitatea lausatzen dielako (bihotzez ikasten dutelako baina bururik gabe). Baina etzazula ahaztu sarriagotan eteten direla komenientziazko loturak, maitasunezkoak baino.
Beste gaiari helduta, ados nago Gregorirekin eta Martinez Aldanondorekin; giltzarria ez dago e-learning edo b-learning izatean (hori pentsatzea beste teknozentrismo mota bat izango litzateke)Panazea egotekotan (ikuspegi merkantilistetatik at) metodologia paradigmaren aldaketan datza, ezen honek erabakiko baitu e-learningaren edo b-learningaren norabidea.

11:41 AM

 

Post a Comment

<< Home