I-rakasle
Plisti
Gaur egun informatikarekiko harremanari begiratuta hiru motatako herritarrak berezitu behar ei dira: alfabetatugabeak (informatikaren mundutik at daudenak), etorkinak (informatikara heldu direnak baina berezko ez dutenak), eta jatorrizkoak (informatikarekin hazitakoak).
Ni neu irakasle gehienok bezala etorkina nauzue eta adaptazio arazo larriak dituena, gainera. Baina IKTak batzuetan kate izanagatik, ez dut amore emango, ez horixe! Nire ustetan denok egin behar dugu ahalegintxo bat “arraildura digitalik” sor ez dadin. Ez litzateke ona euskaltegietan “irakasleak” eta “i-rakasleak” egotea (elkarlan egokia sustatu ezean, bederen) eta are okerragoa “irakasleak” eta “i-kasleak” izatea.
Ildo honetatik hiru kontutxo izan behar ditugu kontuan: 1- IKTak eta didaktikaren alorreko formazioarena 2- Ikas-edukietan testu-era berri eta ebaluagarriak tartekatzearena (e-maila, txata, bloga...). 3- Teknozentrismotik ihesi IKTak ibilbide didaktikoan txertatzeko ahalegina.
Bestalde, akaso, ez du honekin guztiarekin zerikusirik izango. Beharbada, handikeria hutsa izango da. Agian, plisti-plasta aritzea baino ez. Baina uste dut heldua dela garaia gure herrian hezkuntza alor guztia bilduko duen erakusketa (Expohezkuntza) egiteko BECen edo Durangon. Gure sektoreak behar eta merezi duelakoan nago; eta honelako erakusketa bat, non argitaletxeek, hezkuntza alorreko informatika enpresek, berritzeguneek, ikastetxeek, ikastolek, euskaltegiek... eta abarrek parte hartuko luketen, onuragarria ez ezik, berrikuntzaren akuilu ere izan litekeelakoan nago.
Plasta
Auto-ikaskuntzaren bekatuak (epilogoa): Karpetxenkoren esperimentua
Duela urte batzuk Hasier Etxeberriak idatzitako "Sukaliztegi partikularra" liburu bitxian honako istoriotxoa kontatzen zitzaigun:
“ ...Jakina da azalorearen zuztarrek ez dutela ezertarako balio, ustiatzen dena lur gainetik ateratzen den lorea dela. Arrabanoan alderantziz gertatzen da, lurpekoak balio du eta hostoak ez dira ezertarako erabiltzen. Karpetxenko izeneko zientzilari errusiarra, genetika ikerketetan zebilen izugarrizko ideia bikaina izan zuenean: azaloreari arrabanoaren zainak jarriko zizkion eta horrela, landare guztia ustiatu ahal izango zen handik aurrera. Ederra asmoa benetan.
Urte luzetako ikerketa eta lanaren ondorioz, Karpetxenkok lortu zuen, azkenez, barazki barietate berri bat, baina, hau zoritxarra!, zorte txarreko gizona izaki, arrabanoaren hostoak eta azalorearen zuztarrak zeuzkan barazki berriak. Deusetarako ez zuen balio...”
Auto-ikaskuntzarekin ere honelako zerbait gertatu zaigulakoan nago. Betiko estandarra (bai didaktikoa, bai gestioari dagokiona) eta teknologia berriak uztartu nahi izan dituzte produktu berria sortzeko, baina ez dakit ba ez ote zaien Karpetxenkori bezala gertatu.
Beste baratz batzuetan gertatutakoak ere kontuan izan eta produktu berriari etekinik atera nahi badiogu, sukaldari finen beharrean gara; lehenbailehen gainera, usteltzen has ez dadin.
2 Comments:
Nik euskaltegian hasi nintzenean fotokopiagailua manejatzen ikasi behar izan nuen, hura zen niretzat orduan IKTa. Gaur egun nekez topatuko duzu fotokopiagailua manejatzen ez dakien euskaltegiko irakaslerik. Ba, honekin guztiarekin berdin gertatuko dela uste dut.
Gauza batzuk sasoi bateko modak izango dira, baina beste batzuei norberak oratzen ez badie, eurek helduko digute lepotik.
3:54 PM
Arrazoi duzu. Dena den, kontua beti horixe izaten da: denborarena, alegia. Ura pasatakoan alferrik izaten da presa egiten ibiltzea.
Badakizu batzuk ibili behar presaren egin beharraz aldarrika etengabe, hala ere, ez ahal diogu inori burukominik sortuko!
11:50 PM
Post a Comment
<< Home