"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Saturday, June 17, 2006

Belar-metak

“Edozein belar pila ez da meta” dio atsotitzak. Gurean belarra ez dakit (akaso, hori ere bai) baina metak (eta ez helburuak, akaso horiek ere bai) egiten primerakoak gara: metahizkuntza, metatextua, metaikaskuntza… metastasia, finean.

Ikasleei sekulako hitz zantarrak: ergatibo, konpletibo, kopulatibo eta erlatibo irakatsi dizkiegu; eta orain, berriz, modernoagoak garenez, argudio motak eta halakoak irakasten dizkiegu: figura erretorikoak, galdera erretorikoak, gehiegizko orokortzeak, analogiazko argudioak, ad misericordian... Miserikordia! Miserikordia!

Gainera, “Irakasle modernoaren eskuliburuak” ikasleak ariketa bukatu orduko, autoebaluazioa egin behar duela dioenez, bihoazkio galderak eta galderak (horietako batzuk erabat inozoak). Sardea hartu, txapela jantzi eta dzazt! dzazt! galdera-meta puntuan.

Ez dut nik ukatuko galdera dela ezagutzaren giltzarri (konbentzituta nago oso!) baina ez edozein galdera eta ezta edonork egindakoa ere. Irakaslearen galderek tajuzkoak izan behar dute eta ikasle bakoitzaren neurrikoak (guztiei ez baizaie kafea atsegin). Baina irakaslearen galderei erantzutea baino garrantzitsuagoa da ikaslea bera bere jardunerako/ jardunean sortzen zaizkion galderei erantzuten saiatzea, galdera-metak eta metagalderak saihestuz.

Badu Mario Benedettik honi buruzko ipuintxo bat (sexista samarra da baina kontuak Mariori eskatu, aizue). Honela dio:

Hizkuntzalaritza eta Beronen Inguruko Zientzien Nazioarteko Kongresuari bukaera eman zion txaloketa gogotsuaren ostean, takigrafi neska ederra arkatzak eta paperak jaso eta irteerarantz abiatu zen ehunen bat hizkuntzalari, filologo, semiologo, kritiko estrukturalista eta deskonstrukzionistaren artean bide eginez eta guzti-guztiek jarraitu zioten, glosematikarekin parekatzeko moduko mirespenaz, haren ibilera lirainari.
Bat-batean gorputz fonikoa hartu zuten burmuin-irudiek:

- Nolako sintagma!
- Zelako polisemia!
- Ze esanahia!
- Nolako diakronia!
- Zein exemplar cetetorum!
- Zelako Zungenspitze!
- Nolako morfema!

Takigrafi neska axolagabe eta goibel iragan zen fonema oihan hartan barrena.
Soil-soilik piztu zitzaion irribarrea atezain gazteak, atea zabaldu baino lehentxoago, belarrian xuxurlatu zionean: “Polittori”.


2 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Einsteinen aipu honekin akordatu naiz: "Gauza bat ez duzu benetan ulertzen amamari azalteko gai ez bazara."

12:11 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Honako hau ere esan omen zuen Einsteinek: "Gero eta gehiago dakigu baina gero eta gutxiago ulertzen dugu."

12:27 AM

 

Post a Comment

<< Home