"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, September 10, 2006

Dedioo!


Dedioo!

Ekarpen honen izenburuak “diskurtsoaren autozuzenketa eta monitorizazioa” izan beharko luke; baina zintzo jokatuz gero, nork irakurri? -Argitaratu ala ez-zalantza izan dut. Bat-batean Karrajua etorri zait burura : Dedioo! Dedioo! zioen gaiari begira, eta orduantxe hartu dut zuenganatzeko erabakia:

– Munduan diren landare eta lore guztiak izanda, morroi honek kardaberei ateratzen badizkie argazkiak, gai izango da ipuin goxoei jaramon egin beharrean, gai latz
honi ekiteko- pentsatu dut.


- Eta izango al da beste inor horrelakoa irakurtzeko besteko barrenarekin?- galdetu diot ondoren neure buruari. Berehala erabaki dut ezetz. Berdin dio.


Ezer ez da berdin (II): monitorizazioa eta autozuzenketa

Sarritan monitorizazio gaitasuna ez dugu kontuan hartzen edo ez diogu behar besteko garrantzirik ematen edo autozuzenketa eta monitorizazioa sinonimotzat jotzen ditugu (badira aldeak, ordea).


Autozuzenketa gaitasuna, ostera, ebaluatzerakoan gehienetan kontuan hartzen dugun faktorea da, eta honela izan behar du halabeharrez. Zalantzarik gabe, gaitasuna da ikaslea berez konturatzea ezagutzatik erabilerarako (gramatikatik zuzentasunerakoa) transferentzian akatsa egin duela. Baina izan dezagun kontuan gaitasun horrek baduela beste gaitasun/estrategia orokorragoa eta garrantzitsuagoa atzetik: monitorizazioarena, hain zuzen.

Bere ekoizpena monitorizatzen dakien ikasleak soilik, izan dezake autozuzenketa gaitasuna.
Baina monitorizazioa ez da bakarrik zuzenketarako erabiltzen, diskurtsoaren ekoizpenerako ere erabiltzen da. Zenbat eta monitorizazio hobea izan, hobeto egituratuko du diskurtsoa, eraginkorragoa izango da komunikazioa, eta zuzentasunari dagokionez akats gutxiago egingo ditu.
Jarduerazko akats gutxiago izango dira (“despiste” deitzen ditugun horietan, finean automatismo ezak eta monitorizazio akatsak daude; “despiste” soila baino larriagoak izan daitezkeen arazoak, beraz). Zenbaitetan, konpetentzia arazoak (ezagutza ezak eragindakoak) eta interlingua arazoak (ama hizkuntza/ xede-hizkuntzaren arteko interferentziek eragindakoak) ere ekidin ditzake monitorizazioak, horretarako estrategia egokia aukeratuz (birformulazioa, itzurpena...); eta finean, paradoxa bada ere, monitorizazio gaitasun egokia duen ikasleak autozuzenketaren behar gutxiago izango du.

Bukatzeko esan, nire ustetan monitorizazioaren kontzeptuan sakontzea merezi duela, autozuzenketa gaitasun soiletik bereiziz eta berez duen garrantzia aitortuz.


2 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Kardabera ondo polita dago udan ba!
Larrosak eta landare berde-freskuak apreziatzea errazagoa da nonbait. Euskara larrosa nahi genuke sarritan, baina euskarak larrosa, kardabera eta kaktusa ere behar luke. Plastikozko lore egiten ez zaigun bitartean ondo. Hizkuntz-ikasleak bere loreak zaintzen eta behatzen trebatu beharko genuke, konforme. Baina horren aurretik hizkuntzaren lore guztiak behatzen eta ezagutzen trebatu behar da. Hau da, norberarena konpontzen hasi baino lehen, lore bakoitzak zer tratamendu behar duen ezagutu. Eta horretarako landa-lana izaten da botanikoen sekretua. Lorei begira geratu eta ikusitakoa apuntatu alegia. Ezpabere, plastikozko loreekin baino ez du etxea atonduko.

Tira ba, hemen dauzkazu loreak kardaberaren arantzen beldurra uxatzeko. Ipini hemen inguruan baten bat gehiago animatu dadin.
Enfin, ez dut kapullada gehiago esango.

7:12 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Arrazoi duzu, euskara hizkuntza larrekoa dugu. Honela zioen behintzat X. Lizardik: "Baina nik, izkuntza larrekoa, nahi aunat ere noranaikoa; yakite-egoek igoa; soña zaar, berri gogoa; azal orizta, muin betirakoa"
Noranahikoa egiten saiatu behar guk "soña zaar, berri gogoa".
Mila esker loreengatik (kardaberak ere estimatzen ditut).

10:52 AM

 

Post a Comment

<< Home