"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, September 17, 2006

Ura, hitza eta jarioa


“Gehiegizko hitz jarioa, urbitsetan dijoa”

Horrela dio esaera zaharrak: gehiegi hitz egiten duenak oker asko egiten dituela adierazteko. Ura eta hitza nahastea dugu gogokoen plisti-plasta txoko honetan baina oraingoan, halere, jarioaz arituko gara.Urak eta hitzak beti egiten dute bide, ea guk ere asmatzen dugun urratsez urrats


Ezer ez da berdin (III) : jarioa eta abiadura

Ahozko erregistroari dagokionez, sarritan abiadura jarioaren sinonimotzat jotzen dugu, murrizkeriaz. Baina abiadura sintoma da eta ez funtsa.
Labur esanda, jarioak zenbait osagarri ditu: 1- munduaren ezagutza /etorria 2- baliabide linguistikoak 3- estrategiak 4- automatismoak 5- monitorizazioa 6- abiadura 7- jardun jarraitua 8- etenak betetzeko baliabideak.
Elementu hauek guztiek elkarreraginean osatzen dute jariotasun egokia. Hona:
Ikasleak lehenengo eta behin komunikaziorako lehengaia behar du, komunikatu nahi dituen ideiak ganbaran, etorria deituko diogu honi (honetan munduaren ezagutzak eta memorian gordetako informazio piloak izango du zerikusia). Une horretan erabakitzen du hiztunak ZER esan.
Bigarrenik, esan behar duena esateko besteko baliabide linguistikoak behar ditu, ondoren, komunikazio tresnak aukeratu eta zer komunikatu ahal duen eta zer ez erabaki behar du , estrategien garaia da. NOLA eta ZEREZen garaia, alegia.
Hirugarrenik, automatismoak erabili behar ditu; zenbat eta gehiago izan, orduan eta akats gutxiago egingo ditu eta gainera, monitorizazio laburragoa beharko du. Ondorioz, bere abiadura hobea izango da eta jarduna jarraituagoa. Gainera, etenak (informazio igorketarik gabeko uneak) sortzen direnean, berauek betetzeko baliabideak baditu, kate-mintzatuan sortutako matxurak arintzeko moduan egongo da. EKOIZPENAren garaia da, orduan.
Honela,bada, elkarreraginean "continuum"a osatuz uler daiteke jarioa bezalako kontzeptu konplexua.

Sarritan esan ohi dugu huts egiten duen ikasleak ez duela gauza bakarrean kale egiten; hauxe da arrazoia, neurtzeko zenbait deskriptore isolatu beharra dugun arren, egia esan komunikazio unean etengabeko elkarreraginean dihardute.
Jarioa, beraz, abiadura baino zertxobait gehiago delakoan nago, eite konplexuko kontzeptua, tamalez maiz urbitsetan dihoakiguna.

3 Comments:

Anonymous Anonymous(e)k dio...

Ze ona!
Etorriak ez dit ematen artikuluaren maisutasuna adierazteko bezainbeste ;-)

5:10 AM

 
Anonymous Anonymous(e)k dio...

Nik neuk jarioa barik, gero eta gogokoago dut erraztasuna hitza. Arrazoi sinple bigatik: bat, ulertzen errazagoa da; eta bi, trebetasun guztiei aplikatu ahal zaie. Zer iritzi?
Gustatu zait desglosea.

8:18 AM

 
Blogger plisti-plasta(e)k dio...

Ai, Alonso, Alonso! Hasieran Xabi eta Mikel Alonso etorri zaizkit burura (muturra apur bat okertu zait, Athletic zale amorratua bainaiz), ondoren Fernando (erabat okertu zait muturra, orduan) baina azkenean plin-plin-plan-plin argi guztiak piztu zaizkit... Alonso Quijano da barren! On Kixoteren benetako izena! Portzierto, ba al dakizu espainaiarrei egin zieten inkesta baten arabera,% 72k uste zuela Alonso Quijanok "Café Quijano"rekin zuela zerikusia? Agur eta ohore Alonso Quijano, zu bai maisu handia! Pentsatzen jarraituta (argazkiren bat ikusi dut interneten) Benitok ere On Kixoteren antza dauka (ez bakarrik argazkiengatik). Gaur jario barrabasa daukat Benito, zailtasunak zailtasun (edo erraztasunak erraztasun):-P

12:07 PM

 

Post a Comment

<< Home