"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Saturday, May 27, 2006

Qalitatea

Plisti

Ugaritu egin zaizkigu kalitatea neurtzen ei duten ziurtagiriak (Q, ISO, AENOR...). Hezkuntzaren munduan ere aspalditxo gabiltza kalitatearen kontu honekin aztaka. Kalitatearena autu garrantzitsua dela ziur naiz baina ziurtagirien kontu horrekin zalantzak ditut. Hainbeste ugaritu dira ezen gaur egun dena baita labelduna.
Kezkak kezka, beti bezala ikasleei galdezka hasi natzaie (institutuko irakasle bati, ikastetxe bateko jantokiko arduradun bati, erizain bati eta mediku bati, hain zuzen) eta laurek aho batez esan didate burokrazia potoloa dela. Batek kokoteraino zegoela paperak betetzeaz eta sortzen zuen lankideekiko lehiaz, besteak orain lapikoan termometroa sartu behar zuela fitxan janariaren hozberoa apuntatzeko, hurrenak paperak betetzeko balio zuela baina paperak sendatzeko ez...
Ez dakit ba, ezjakin hutsa naiz honetan eta ezjakina beti ausarta izaten omen da baina harritu egin nau guztiek ziurtagiri hauei buruz duten iritzi eskasak.
Behinola koinatuari gertatutakoa gogoratu dut. Lantegian atzamar batean min hartu eta sendagilearengana jo zuen. Sendagileak atzamarrari begiratu aurretik, ordenagailuz formularioa betetzeari ekin ei zion ( ea non zeukan min, nola egin zuen...) koinatuaren haserrea piztuz.
Ai, Jainkoa! Kalitatearen alde apostu egin behar dugu, zalantza izpirik gabe (dena beharrean gabiltza) baina Qalitatearen kontu hau ez dakit ba, marketing hutsa ez ote den.





Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatu nagusiak (VI) : Tutoretza


Hiru akats nagusi gerta litezke tutoretza garaian: 1- Tutoretza Boga programaren pentzu jarri ( tutoretzak ardatzetako bat izan behar du eta ez osagai) 2- Tutoretzan ikaslearen jarraipen desegokia egin ( ikas-irakaskuntzaren pertsonalizazioaren eta garapenaren kaltetan) 3- Syllabus paraleloa ez eraiki eta pisu guztia Bogak ezartzen duen syllabus estrukturalean ezarri. Akatsok saihesteko nik neuk erabiltzen dudan prozedura azaltzen saiatuko natzaizue:

- Ikaslearen jarraipen orri dinamikoa

Worden egindako ikaslez ikasleko orriak dira. Bertan honakoak jasotzen dira:

1. zatian

. Ikaslearen izena . Hasiera helburua . Bogako maila . Zein den azken tutoretzan jada aztertutako estratoa eta saioa . Azken tutoretzaren data . Aurreko asteko asistentzia . Ea aurreko astean etorri den tutoretzara eta mintza-saioetara (guk astean ordubeteko bi mintza-saio eskaintzen dizkiegu) . Tutoretza horretan egin beharreko mintza-ariketaren erreferentzia . Aurreko saioan emandako etxerako-lanak . Hurrengo saiorako etxerako lanak . Oharrak


2. zatian

Zati hau osatzeko ikasle bakoitzaren ahozko diskurtsoa eta idatzizko diskurtsoa aztertuko da ikastaro hasieran, erdian eta bukaeran gutxienik (entzumenarekin edo irakurmenarekin arazoak baditu, jasotzea komeni da). Beronetarako, ahal dela behintzat, grabazioak mintzamenean eta portfolioak idazmenean erabiltzea da egokiena. Testu-eraketa, baliabide linguistikoak eta zuzentasuna (idazmenaren kasuan); eta jarioa/ egokitasuna, elkarreragina/ gaiaren garapena eta zuzentasuna/aberastasuna (mintzamenaren kasuan) ebaluatzeko behaketa-txantilloiez baliatuz osatuko da atal hau. Bertan, ikaslearen akatsak modu literalean jasoko dira.

3. zatian

Une horretan garatzen ari den tutoretzan sortutako hutsak ( edo bereziki egokiak diren esaldiak...) modu literalean jasotzen dira. Bertan ageriko dira halaber, aurreko saioetan eginiko akats zuzendu gabeak.
Lehen hemen jasotzen nituen idazlaneko hutsak ere, baina gaur egun idazlana fotokopiatu egiten dut tutoretza saioan komentatu ahal izateko (era honek portfolioa ahalbideratzen du , modu kontestualizatuan zuzendu daiteke eta erosoagoa da).

Oharra: Ikaslearen jarraipen orri honek burokraziatik ihes egin behar du. Zerbait hutsala edo baliagarria ez bada, ez da betetzen eta kitto!

- Tutoretza-saioen protokoloa.

Saioa hasi aurretik:

Ikasleak aste horretan idazlana egin du eta irakasleak zuzendu egin dio (akatsak markatuz soilik, paragrafoak berridazteko esanez...). Ikasleak idazlana zuzenduta ekarri beharko du saiora. Aurreko turoretzan izandako akatsak zuzentzeko saiakera ere eginda izan behar du, eta bidalitako etxerako-lanak beteta. Bestalde, saioa hasi baino 15/20’ lehenago irakasleak tutoretza horretan garatu beharko duen mintza-ariketaren berri emango dio, berau presta dezan: elkarrizketa gidatua, komikiaren kontaketa, entzundakoaren kontaketa, deskribapena, gaia... edo dena delakoa (syllabus paraleloa).

Saioan bertan:

Lehenengo, mintza-ariketa egiten da. Irakasleak akatsak (eta beste) modu literalean apuntatzen ditu jarraipen fitxaren hirugarren zatian. Mintza-ariketa bukatutakoan, fitxaren zati hau inprimatu eta ikasleari ematen dio eta izandako gorabeherak komentatzen dituzte. Ikasleak ez du ia ezer apuntatzen (une honetan apuntatu beharrean, bi edo hiru egun beranduago konpontzen saiatzeko esaten zaio, honela ezagutza kontsolidatua denetz neurtu ahal izateko).
Jarraipen fitxaren hirugarren zati honetatik tiraka, aurreko saioan/saioetan egindako akatsez galdetzen zaio. Zuzenduz gero, ezabatu egiten dira.
Ondoren, jarraipen orriko bigarren zatiko pare bat item-ez aritu. Nahiz eta zuzendu, hauek ez dira ezabatzen (zuzenak eta zuzendu gabeak bi kolorez bereizten dira).
Asistentziaz hitz egiten da.
Bogak emandako estratoaren azterketa txostena ematen zaie eta bertan ageri diren gorabeherez galdetu.
Galderak / zalantzak dituzten galdetu (direnak direla).
Aste horretan egindako idazlana eta etxerako lanak berrikusten dira.
Bukatzeko, hurrengo saiorako etxerako-lanak ematen zaizkio ikasleari.
Eta tartean kurrikulu ezkutuari dagozkion zenbait kontutxo (umorea, motibazioa...) nire ustetan besteak bezain garrantzitsuak direnak.

Eta norbaitek galdetuko dit. Eta hori guztia ordu erdian? Bada, batzuetan bai, baina gehienetan (posible denean behinik behin) ez zaio erlojuari gehiegi begiratu behar. Utopia? Ez, ez da utopia guk aplikatu egiten baitugu eta hau guztia eginda ozta-ozta heltzen gara ohiko taldeetan eskaintzen den konpetentzia mailara. Badakit, ez dugula HABEren estandar didaktikoa betetzen baina edo gu irakasle/ikasle trakets samarrak gara edo aurreikusitako estandarrak sustrai didaktiko gutxi ditu. Zuona da iritzia.

Saturday, May 20, 2006

Motibazio emozionalaz: maitasuna, beldurra, papera, odola

Plisti

Karrajuak bere atari bikainean euskalduntzearen 4. maila arautzearen haritik tiraka zera dio: “Dena dela, HABEren adierazpenetan ikaslearen motibazioa eta parte hartzea ezinbestekotzat jotzen da. Gaur egun gizartean euskara haraino lantzeko halako grina zabalik badago? Motibazio instrumentalak adore nahikoa emango ote du? Tituluen amuak noiz arte iraungo du euskarak benetako indar soziala hartu arte? Agiri gehiago ezartzea nahikoa ote da euskalduntzeari behar den moduko sakada emateko? Zerbait gehiago behar delakoan nago, CACA zertifikatuarekin akordatu nahi ez badugu behintzat.”
Funtsezko galderak dira, bete-betean asmatzen dutenak.
Hitz egin dezagun bada, motibazioaz. Motibazioaz ari izan garenean betidanik motibazio integrazionala (xede hizkuntzaren komunitatean integratu nahia), instrumentala (xede-hizkuntzaren ezagutza frogatzeko exijentzia bete beharra) eta mixtoa bereiztu ditugu; eta emaitzei begira bata ala bestea hobetsi. Ados egon izan gara motibazioa ikas-prozesuaren motorra martxan mantentzen duen erregaia dela esatean eta abar eta abar...
Horiek guztiak egia izanagatik, bada kezkatzen nauen kontutxo sinple-sinple pare bat; batez ere adimen emozionalari erreparatu diogun garaiotan. Hona: ikasleak euskara nahi edo behar duelako ikasten du.
Nahi duelako ikasten duena, emozio positiboz elikatzen da (xede-hizkuntzarekiko/komunitatearekiko enpatia / gustua...). Buruaz eta bihotzaz ere ikasten du.
Behar duelako ikasten duena, gehienbat emozio negatiboz elikatzen da (kasurik okerrenetan beldurra dago sustraian, lan-postua kolokan izatearen beldurra edo gehiegizkotzat jotzen duen exigentzia). Buruaz ikasten du baina bihotza hotz.
Historiaren akuilu diren maitasuna eta beldurra beti present, alajaina. Eta ni neu bihotzaz buruaz bezainbat ikasten delakoan nago.
Ikas-prozesuaren hasierako motibazioa (integrazionala, instrumentala edo mixtoa) izateak garrantzia du baina ikas-prozesuan bertan beharrezkoa den etengabeko motibazioan; motibazioa emozionala deituko diogun honek, are garrantzi handiagoa duelakoan nago. Eta zer esanik ez, ezagutza/ erabilera jauzian gaur egungo egoera sozio-politikoan, bederen.
Barkatuko didazue ingurumarietan aritu izana baina Karrajuaren galderak gogoan, aurreko batean bezala diot “ paperez betetako soroan garia urri”. Hau da, nire ustetan gaur egungo egoeran euskara nahi dutelako ikasten dutenen artean titulua ez da ezinbesteko jomuga eta behar dutelako ikasten dutenen artean, berriz, oso gutxiri exigituko zaio maila hori.

Beharrezkoa zen laugarren maila definitzea eta langa jartzea, ez dut ukatuko; baina honelakoetan ekimen gehiegi jartzen dugulakoan nago. Beste bide batzuk ere urratu behar ditugu: ikastaro ez hain arautuak, ikaslearen interesen neurrikoak, euskara tresna dutenak eta ez helburu bakar, norberaren bizitzarako “plusak” eskaintzen dituztenak, motibazio emozional positiboa indartzen dutenak... (odola eta ez bakarrik papera).


Plasta


Auto-ikaskuntzaren bekatuak (V): teknozentrismoa

Martinez Aldanondok dio testu bat ez dela beste bat baino hobea bata boligrafoz eta bestea wordean idatzita dagoelako. Testuak berezko kalitatea behar duela, soporte informatikoak ez diola kalitaterik gehitzen, alegia. Bestela pentsatzea teknozentrismoan erortzea litzatekeela.
Gatoz geurera. Sistemak hiru ardatz ageriko ditu: Boga, Tutoretza eta Mintza-saioak. Nire ustetan hirurek elkar elikatu behar dute. Tutoretza eta Mintza-saioak ez dira Bogaren osagarri; honetara makurtzea izango litzateke teknozentrismoa. Batzuek uste dute Tutoretzak Bogan sortutako zalantzak argitzeko direla eta Mintza-saioak Bogaren mintzamen gabeziak osatzeko. HABEren estandar didaktikoak ere ematen du hori pentsatzeko bide (tutoretza 15 minutu astean / ordubeteko Mintza-saioa astean / Boga nahi beste). Ez dut uste horrela izan behar duenik, inola ere.
Ordenagailuak tresna izan behar du, ez sistemaren muina. Sistemaren muina pertsonak dira: ikasleak eta irakasleak, alegia. Oraindik dut gogoan irakasle batek egin zidan galdera: “Ez al da Boga programa gramatikala?”. Baiezkoa eman nion, halabeharrez. Baina horrek ez zuela esan nahi guk generabilen sistemak gramatikala izan behar zuenik. Programa informatikoa ardatz izango balitz, horrela izango zela zalantza barik, baina programa informatikoaz gain, Tutoretzak eta Mintza-saioak geneuzkala, guztira sistema bat osatuz.
Tutoretza eta Mintza-saioen bidez, programa informatikoak eta beharrezko dituen osagarriek ahalbideratutako ezagutza erabilerara lerratu behar dugu, sistema osatuz, syllabus paraleloak ezarriz.
Syllabus paraleloarenak merezi du unetxo bat hartzea. Azken batez modu intuitiboan beti erabili baitugu eta erabiltzen dugu oraindik ere.
K.a. (ez da Kristo aurretik; kurrikulu aurretik baizik) gramatika-edukien taxonomiak definitzen zuen gehienbat urratsa, horixe zen lehenengo syllabusa. Baina trebetasun bakoitzak ere bazuen bere syllabusa ( Idazmenaren kasuan adib: deskribapena, oharra, postala, gutun informala...). Hona bigarren syllabusa; erabilerara lerratua, gainera. Bada K.o. ere Bogaren planteamendua aldatzen ez den bitartean, syllabus paraleloa ezarri beharko dugu Tutoretzen eta Mintza-saioen bidez. Blended garaiak, garai nahasiak ditugula,demonio!

Sunday, May 14, 2006

Herregeen erresuma

Plisti

Bazen behin hurbileko erresuma bat non menekoek errege bakarra izan beharrean, lau errege zituzten edo bost edo sei akaso... errege HAEE, errege HEZKUN, errege HABE, errege HIZKUNTZESKOL, errege HPS, errege...(H-z hasitako izena nahikoa zen herrege izateko ia). Erregeok menekoak lan gogorretan jartzen zituzten urte luzeetan, lau edo bost edo sei urtetan akaso... Esanak esan, ordainetan ez zizkieten odolkiak ematen, kaligrafia politez hornitutako paperlaukiak baizik.
Han ibiltzen ziren meneko oro aurrera eta atzera, gorte batetik bestera, lasai bizitzea ahalbideratuko zien lakrezko zigiluaren bila. Batzuetan, arrazoia jaunak jakin, errege batek ukatutakoa besteak onetsi egiten zuen; eta beste batzuetan, arrazoia jaunak jakin, paperlaukiak zirela-eta, erregeak muturtu eta euren artean sesioan hasten ziren.
Kontua da garaiko koblakariek diotenez, soroak paperez bete zirela eta harrez gero, lur haietan ez zela gari askorik erne.





Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatuak (IV): Bogaren gabeziak

Aurrekoan bagenioen Boga programaren kontzepzio orokorrak kale egiten zuela; erabileran oinarritu beharrean, informazioaren transmisioan oinarritzen zelako. Baina badira akats nagusi honetatik batik bat eratorritako beste zenbait huts. Hona:

- Bogak funtsa sekuentzializazioan eta testean duen ibilbide bakarreko liburu digitalizatu baten itxura du. Lehen liburuan irakurtzen genuena orain ordenagailuan irakurtzen dugu, multimediaz hornitua. Alta honek guztiak ez du irakaskuntza bermatzen ( “La interactividad no está en el clic, sino en el think” dio Martinez Aldanondok).

- Syllabus gramatikala du. Ikusi besterik ez dago ikasleak estratoko testa egiten duenean txostenetan agertzen den eduki zerrenda.

- Ez dago ondo tenporalizatuta. Ikasle gehienek ezin dute ikas-erritmo normal batek eskatuko liekeen estrato kopurua bete. Egia da ez dutela ariketa guztiak zertan egin. Baina nola daki ikasleak zein ariketa den klabea eta zein ez?. Irakasleari ere oso nekeza (ezinezkoa egia esan) egiten zaio ikasle bakoitzaren ariketaz ariketako ibilbidea taxutzea. Finean betiko joera mekanizista dugu, 300 ariketa estratoko, kontuan izan gabe zenbat denbora eskatzen dion honek ikasleari. Denbora eta ezinegona.
Bigarren mailako kontua dela dirudien hau da gure artean behintzat ikasleek Bogari egiten dioten kritika usuena.

- Ariketek gorabehera ugari dituzte. Sarritan koherentzia falta zaie (edukia -maila/ erraza -zaila/ agerikoa -ez hain agerikoa). Programaren egileen arteko koordinazio akatsak nabari dira. Ariketek berek ere erru dexente dituzte eta denbora luzeegia ematen da berauek konpontzeko.

- Boga pakete itxia da, irakasleon partaidetza bere garapenean eta hobekuntzan hutsaren hurrengoa. Norbaitek beste bati saltzen dion pakete informatiko baten itxura du. “Boga” erosten dugu “Panda” erosiko genukeen tankeran.

- Kanpo-osagaiak falta zaizkio, kanpus birtuala alegia (foroak, harreman-guneak, txatak, elkarketa-saioak, liburutegia...). Badirudi Hatorrek bete behar zuela hutsune hori baina El Correori saldu zitzaion eta ez dakit zertan geratu den hori.

Ikusten duzuenez, primerako sakafaltasa naiz. Baten batek honez gero esan du...baina bertuterik ez al du ikusten morroi honek? Egia esan bai, baina ez al zarete konturatu bekatuei buruz ari naizela?
Eta bekatu egiten duenak penitentzia merezi du, jainkoarren!

Sunday, May 07, 2006

Mutua mintzo

Plisti

(Eszena euskaltegi bateko ikasgelan gertatzen da. Bertan irakaslea eta ikaslea zutik eta aurrez aurre ageri dira; beste zenbait ikasle ere adi daude)

IKASLEA: Aizu, Mikel. Hilaren 20an egin behar dugun 2. mailako azterketa ofiziala al da?

IRAKASLEA: Bai ba, nola ez! Habek deiturikoa da eta.

IKASLEA: Eta gainditzea lortuko banu, baliokidetuta al dago?

IRAKASLEA (lotsatu imintzioak eginez): Ba...ez...ez.

IKASLEA: Berria delako, ala?

IRAKASLEA (aurpegia gorri): Ez, ez da berria. Hirugarren urtea du hau.

IKASLEA: Eta nola liteke ba hori?

IRAKASLEA (gorri-gorri dagoeneko):............................................

IKASLEA: Mutua mintzo. Aizu eta gainditzen ez badut, egongo al da irailean beste deialdirik?

IRAKASLEA (aurpegia more): Ez. Orain arte ez dute horrelakorik egin.

IKASLEA: Bitxia benetan zuen azterketa ofizial hau.

IRAKASLEA: Gure azterketa diozu? Ai, guk egindakoa balitz! Dena den, hurrengo batean kontatuko dizut honi buruzko ipuin polit askoa.

IKASLEA (irribarre batez): Zu eta zure ipuinak. Ipuinak beti ipuin Mikel!

(Ikaslea apur bat haserre, apur bat harrituta bere aulkian jesartzen da. Idazteari ekiten dio ikaskideen begiradapean)

Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatuak (III): Bogaren infozentrismoa

Auto-ikaskuntzaren munduan diharduen hainbat adituren ustetan, infozentrismoa da sistema berriak pairatu duen gaitzetako bat. Infozentrismoa, hitz gutxitan azalduta, sistema zaharraren paradigma da. Gurera ekarrita: administrazioak euskara ikasteko transmititu beharreko edukiak sailkatzen ditu (syllabusa), irakasleak edukiok transmititzen dizkio ikasleari eta honek memorizatu ostean, galdetu egiten dizkio.

Gaur egungo paradigmak, ostera, eginez ikasten dela esaten digu, arituz alegia. Praktika honetan ematen diren akatsak ikasbide izanik eta edukiak negoziatuz.

Kurrikuluaren inguruan aritzen ginenean, argi ikusten genuen APP (Aurkezpena, Praktika kontrolatua, Praktika askea) segidatik AOI (Atazetan Oinarritutako Irakaskuntza) kontzeptura pasa beharra.

Bada, emaiozue begiradatxoa Bogari, zuritu apur bat azal teknologikoa, erreparatu muin didaktikoari (APP? AOI?) eta ikusiko duzue zein den bere benetako bihotza.

Nik ez dut honetan zalantzarik, infozentrismoak eta paradigma zaharrak jota dugu gure programa informatiko erabiliena. Sarean dago bai, itxura modernoa du nola ez, baina didaktikoki antzinako ajeak ditu. Entzutea, irakurtzea eta memorizatzea ikastea dela uste du eta erantzuna aukeratzea praktikaren sinonimotzat jotzen du. Ez du ikaslea benetako praktikara bideratzen.

Boga gehienbat ezagutzaren transmisioan, eta haratago joanda ezagutza gramatikalaren transmisioan oinarritzen da; identifikazioan eta ez erabileran; kontzeptualki HEOKa baino lehen edo beronen hastapenetan kokatuz.

Beldur naiz honetan ere ez ote dioten gehiago azalari, softwareari, begiratu eduki didaktikoaren kaltetan.

Eta badakizue, nire lagun batek esaten duen moduan “urrazalari begiratuta arrain gutxi harrapatzen dittuk, txikito”.

Monday, May 01, 2006

Maitiak galde egin zautan


Plisti

Teresak “duenentz” edo “duenetz” esan behar den galdetu dit gaur goizean. Bogan “duenentz” jartzen ei du , bertan horrela lantzen omen da gainera. Euskaltzaindiaren orrira jo eta “–netz” forma hobesten dela esan diot. Baina artean aspaldiko ateraldia etorri zait gogora (hainbeste denbora eman ondoren "pelikuliari" "flim" esan behar zaiola ikasteko eta orain "luzemetralla" esan behar omen diogu).

Hain gara intseguruak gure hizkuntzarekin! Arauak hainbesteraino gorde behar honekin arnasa hartzen ere ez diogu uzten inori. Batzuek (irakasle jendeak gehienetan) Euskaltzaindiaren arau multzoa Kode Penala bailitzan erabiltzen dute beren burua fiskal (edo “segurata”) izendatuta. Ni neu intsumiso bihurtzen hasia nago, ez nago prest bizitza guztia arauak ikasten emateko eta. Hobe genuke narrasago jokatu eta hizkuntza biziago eta askeago bati bide egingo bagenio. Honela, akaso denbora aterako genuke didaktikaz, andragogiaz eta horrelakoez apur bat aritzeko.

Kanta polit bat ere etorri zait burura baina ez dakit ba, zuzen zuenganatuko dudan, akitzen ere hasia naiz eta. Horrela zioen: “Maitiak galde egin zautan lana banuene(n)(t)z, maitiak galde egin zautan lana banuene(n)(t)z, lana...lana banuela baina gogorik ez, gogorik ez” (horixe, bada, gertatzen zait niri ere).


Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatu nagusiak (II): administrazioaren jokabidea.

Aspaldiko foro batean, zera nioen:

“Auto-ikaskuntza deituriko honetan gabiltzanok administrazioa gure sistema irentsi ezinik dabilenaren sentsazioa izaten dugu maiz: aurrera-atzera, ratio eta ordu kopuru mekanizistak ezarriz, dena karratu nahian, ohiko taldeen parametroetan sartu nahian, -café para todos-... Azkenean traba egiten dugunaren sentsazioa ere izan dut batzuetan. Sisteman ez dela gehiegi sinesten, alegia.

Ez dakit nik argi dagoen burokraziak eta sosek (daudenak daudela) didaktikaren zerbitzupeko tresnak izan behar dutela. Honetaz konturatzen ez diren bitartean, dena kaxoi estuetan sartzen saiatzen diren bitartean, armairuak ez du itxura onik izango: trapu zaharrak eta jantzi berriak nahasian.”

Hitz horiek idatzi nituenetik denbora dexente pasa bada ere, egoerak bere horretan dirauelakoan nago. Nola uler daiteke bestela auto-ikaskuntzaren munduan HABEk paper pasiboa (eroslearena) eta Aurten Bai-k aktiboa (saltzailearena) izatea? Administrazioa hartz geldoa bezala mugitu da. Ez du ulertu oraingo garaiotan garrantzitsuena ez dela handia/ txikia elkarreragina, bizkorra/geldoa baizik. HABEk erabaki al du BOGAren eredu didaktikoa? Eta horrela bada edo ez bada, syllabus kurrikularra al du?

Nire ustetan e-learningaren munduak esku hutsik/ buru hutsik ia harrapatu du HABE eta beronek dakartzan inplikazio didaktikoetan murgildu beharrean, produktu bat erosi du (zegoen bakarra) atzean ez geratzeko . Hori guztia kezkagarria bada ere, are kezkagarriagoa da bere erreakzio bakarra normatibizazio mailakoa izatea. Fenomeno berria ondo ulertu eta garatze bidean jarri beharrean, gainera etorri zaion uholdea arautu nahi izan du, ohikoa bezalakoa bihurtu, orduak eta sosak abiapuntu.

Behinola, ikastaro batean HABEk atera berri zuen dekretuak diruz lagundutako estandar didaktikoa zertan oinarritzen zen galdetu nuen eta inork ez zidan erantzunik eman. Neuretzat daukat estandar didaktiko hori ez duela didaktika sailak erabaki, diruaz arduratzen direnek baizik.

Daukagun programa informatikoaz, bi astean behin ordu erdiko tutoretza saio bat emanda eta asteroko ordu beteko mintza-saioaz ezin esan ikas-irakaskuntza sistema oso eta fidagarria eskaintzen ari garenik.

Aztertu al dute HABEn Bogaren syllabusa, tenporalizazioa, kontzeptu didaktikoa, behar diren baliabideen nolakotasuna...? Eta Bogatik haratago sistemaren beraren beharrak, norabidea...? Edo sikiera ba al dute horretan aritzeko asmorik?

Horrela izango ahal da!

Dena den, gogora ditzagun badaezpada ere Martinez Aldanondoren hitzok:

“La tecnología es un gran acelerador de procesos y modelos cuando éstos funcionan adecuadamente. Lo que ocurre es que añadir tecnología a un modelo deficiente no sólo no lo mejora, sino que lo empeora”