"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, June 25, 2006

Esc



Ez dizuet ukatuko irakasle izatea gustuko dudala, eta zer esanik ez euskara irakasle izatea. Aparteko lanbidea da, nahiz eta oraingo honetan aspaldiko atsotitza oker ibili, ezen gustuko lanean ere aldapak maiz baitira gure honetan.
Hala ere, are gustukoagoa dut udatiar izatea, hau bezalako “txiringoak” itxi eta “txiringitoetara” jotzea (hondartzan aldaparik ez, alajaina!).

Heldu da bada, oporren garaia, betaurreko beltzak jantzi eta alde egitekoa (irailean itzultzeko asmoa dut). Bitartean, inork zeri edo hari ekin nahi badio, irakurgaitxo batzuk utziko dizkiot. Hona:

- Jordi Adelli elkarrizketa (audioa): webquestei buruz ari da.
- Webquestak euskaraz.
- Istorio elkarreragileak: writely erabiliz ikasleekin egindako esperientzia.
- Skypecast: multikonferentziak egiteko bidea.
- Wikilearning: wiki kontzeptua irakaskuntzan.
- Mapa conceptual sobre podcast: podcast eta audacityri buruzkoa ( audio grabazioak egiteko).
- Odeo bideoz nola egin podcast: gaztelerazko tutoriala.
- Mapas conceptuales 2.0 (actualizado).
- El panfleto antipedagógico: nire ustez eztia eta pozoia nahasten dituen proposamena; irakurri beharrekoa, hala ere.
- Herramientas interactivas para el pensamiento crítico: unitate didaktikoak sortzeko tresnak.
- Cuando me paro a contemplar mi estado...: pedagogia 1.0tik 3.0ra.
- El cuaderno central Telos dedicado a: las TIC en los nuevos entornos de aprendizaje.
- Con la disolución de la asimetría se pierde la educación.
- Aprendizaje por proyectos.
- Tecnologia digital en el aula si, chapuzas no.
- Curso gratuito on-line de Fulgencio: IKTei buruzko ikastarotxoa.

Eta , nola ez, Benitoren Karrajua atari bikainean aurkitu ahal dituzuenak.

Beno, bada, heldu da agurraren garaia: begira hemen beheko irudian zain ditudanak... esc...esc...esc...Ctrl+Alt+Supr... esc...esc...esc...


Saturday, June 17, 2006

Belar-metak

“Edozein belar pila ez da meta” dio atsotitzak. Gurean belarra ez dakit (akaso, hori ere bai) baina metak (eta ez helburuak, akaso horiek ere bai) egiten primerakoak gara: metahizkuntza, metatextua, metaikaskuntza… metastasia, finean.

Ikasleei sekulako hitz zantarrak: ergatibo, konpletibo, kopulatibo eta erlatibo irakatsi dizkiegu; eta orain, berriz, modernoagoak garenez, argudio motak eta halakoak irakasten dizkiegu: figura erretorikoak, galdera erretorikoak, gehiegizko orokortzeak, analogiazko argudioak, ad misericordian... Miserikordia! Miserikordia!

Gainera, “Irakasle modernoaren eskuliburuak” ikasleak ariketa bukatu orduko, autoebaluazioa egin behar duela dioenez, bihoazkio galderak eta galderak (horietako batzuk erabat inozoak). Sardea hartu, txapela jantzi eta dzazt! dzazt! galdera-meta puntuan.

Ez dut nik ukatuko galdera dela ezagutzaren giltzarri (konbentzituta nago oso!) baina ez edozein galdera eta ezta edonork egindakoa ere. Irakaslearen galderek tajuzkoak izan behar dute eta ikasle bakoitzaren neurrikoak (guztiei ez baizaie kafea atsegin). Baina irakaslearen galderei erantzutea baino garrantzitsuagoa da ikaslea bera bere jardunerako/ jardunean sortzen zaizkion galderei erantzuten saiatzea, galdera-metak eta metagalderak saihestuz.

Badu Mario Benedettik honi buruzko ipuintxo bat (sexista samarra da baina kontuak Mariori eskatu, aizue). Honela dio:

Hizkuntzalaritza eta Beronen Inguruko Zientzien Nazioarteko Kongresuari bukaera eman zion txaloketa gogotsuaren ostean, takigrafi neska ederra arkatzak eta paperak jaso eta irteerarantz abiatu zen ehunen bat hizkuntzalari, filologo, semiologo, kritiko estrukturalista eta deskonstrukzionistaren artean bide eginez eta guzti-guztiek jarraitu zioten, glosematikarekin parekatzeko moduko mirespenaz, haren ibilera lirainari.
Bat-batean gorputz fonikoa hartu zuten burmuin-irudiek:

- Nolako sintagma!
- Zelako polisemia!
- Ze esanahia!
- Nolako diakronia!
- Zein exemplar cetetorum!
- Zelako Zungenspitze!
- Nolako morfema!

Takigrafi neska axolagabe eta goibel iragan zen fonema oihan hartan barrena.
Soil-soilik piztu zitzaion irribarrea atezain gazteak, atea zabaldu baino lehentxoago, belarrian xuxurlatu zionean: “Polittori”.


Saturday, June 10, 2006

I-rakasle

Plisti


Gaur egun informatikarekiko harremanari begiratuta hiru motatako herritarrak berezitu behar ei dira: alfabetatugabeak (informatikaren mundutik at daudenak), etorkinak (informatikara heldu direnak baina berezko ez dutenak), eta jatorrizkoak (informatikarekin hazitakoak).
Ni neu irakasle gehienok bezala etorkina nauzue eta adaptazio arazo larriak dituena, gainera. Baina IKTak batzuetan kate izanagatik, ez dut amore emango, ez horixe! Nire ustetan denok egin behar dugu ahalegintxo bat “arraildura digitalik” sor ez dadin. Ez litzateke ona euskaltegietan “irakasleak” eta “i-rakasleak” egotea (elkarlan egokia sustatu ezean, bederen) eta are okerragoa “irakasleak” eta “i-kasleak” izatea.
Ildo honetatik hiru kontutxo izan behar ditugu kontuan: 1- IKTak eta didaktikaren alorreko formazioarena 2- Ikas-edukietan testu-era berri eta ebaluagarriak tartekatzearena (e-maila, txata, bloga...). 3- Teknozentrismotik ihesi IKTak ibilbide didaktikoan txertatzeko ahalegina.


Bestalde, akaso, ez du honekin guztiarekin zerikusirik izango. Beharbada, handikeria hutsa izango da. Agian, plisti-plasta aritzea baino ez. Baina uste dut heldua dela garaia gure herrian hezkuntza alor guztia bilduko duen erakusketa (Expohezkuntza) egiteko BECen edo Durangon. Gure sektoreak behar eta merezi duelakoan nago; eta honelako erakusketa bat, non argitaletxeek, hezkuntza alorreko informatika enpresek, berritzeguneek, ikastetxeek, ikastolek, euskaltegiek... eta abarrek parte hartuko luketen, onuragarria ez ezik, berrikuntzaren akuilu ere izan litekeelakoan nago.






Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatuak (epilogoa): Karpetxenkoren esperimentua

Duela urte batzuk Hasier Etxeberriak idatzitako "Sukaliztegi partikularra" liburu bitxian honako istoriotxoa kontatzen zitzaigun:

“ ...Jakina da azalorearen zuztarrek ez dutela ezertarako balio, ustiatzen dena lur gainetik ateratzen den lorea dela. Arrabanoan alderantziz gertatzen da, lurpekoak balio du eta hostoak ez dira ezertarako erabiltzen. Karpetxenko izeneko zientzilari errusiarra, genetika ikerketetan zebilen izugarrizko ideia bikaina izan zuenean: azaloreari arrabanoaren zainak jarriko zizkion eta horrela, landare guztia ustiatu ahal izango zen handik aurrera. Ederra asmoa benetan.
Urte luzetako ikerketa eta lanaren ondorioz, Karpetxenkok lortu zuen, azkenez, barazki barietate berri bat, baina, hau zoritxarra!, zorte txarreko gizona izaki, arrabanoaren hostoak eta azalorearen zuztarrak zeuzkan barazki berriak. Deusetarako ez zuen balio...”


Auto-ikaskuntzarekin ere honelako zerbait gertatu zaigulakoan nago. Betiko estandarra (bai didaktikoa, bai gestioari dagokiona) eta teknologia berriak uztartu nahi izan dituzte produktu berria sortzeko, baina ez dakit ba ez ote zaien Karpetxenkori bezala gertatu.
Beste baratz batzuetan gertatutakoak ere kontuan izan eta produktu berriari etekinik atera nahi badiogu, sukaldari finen beharrean gara; lehenbailehen gainera, usteltzen has ez dadin.

Sunday, June 04, 2006

Puto euskera

Plisti

“Euskarari nire etxean puto euskera deitzen diogu ” esan zidan behinola Carmenek. Esaldiak min eman zidan (belarrietan bakarrik ez), are gehiago Carmen pertsona zintzoa eta adeitsua delako. Azalpen luzetxoagoa eskatu nion eta honelaxe jarraitu zuen: “Badakizu lan gogorra egiten dudala Gurutzetan, txandaka. Neka-neka eginda heltzen naiz etxera eta han ditut nire alabatxo kuttunak zain, ni noiz helduko. Alabekin egon, etxeko lanak egin, etxerakoak ere bai, eta geratzen zaidan denbora apurrean euskaltegira etortzen naiz. Ez daukat arnasa hartzeko astirik. Nire zaletasunak erabat baztertuta ditut, lanerako baino ez naiz bizi eta gainera... hau guztia, zertarako?. Titulua aterako dut (ateratzen badut, behintzat) eta gero ez dut euskara erabili beharrik izango ”.
Hasi nintzaion azaltzen hizkuntza bat ikastea ez dela kode huts bat ikastea, unibertso berri bat dakarrela berarekin, bezeroek euskara erabiltzeko eskubidea dutela eta bata eta bestea... baietz esaten zidan buruarekin baina bere begiek “betiko txapa” irensten ari zela adierazten zidaten.
Ikasle guztiek, zorionez, ez dute Carmenek bezala pentsatzen; askotxok bai, ordea. Eta irakasle gehienok anatemizatu egiten ditugu, hala ere, beren larruan jartzeko lana hartu behar dugulakoan nago.
Administrazioak euskara ikastera bultzatzen ditu baina oso gutxi jartzen du bere aldetik. Osakidetzak, batik bat. Hezkuntzaren kasuan IRALE programa kritikatzeko arrazoi asko egon litezkeen arren, itzalak itzal, arrakastatsua izan da neurri batean (irakasleriaren portzentaje handia euskaldundu du eta lanean euskararen erabilera ahalbideratu ) horretarako baliabide franko enplegatu behar izan baditu ere; hor du ispilua Osakidetzak baina ispilu horri begiratu gutxi egiten diolakoan nago (bere buruaren itxuraren beldur, akaso).
“Carmen, eta euskara ikasteko Osakidetzak jardunaldia ordubetean murriztuko balizu, zuk beste ordubete ipintzeko baldintzarekin? Eta behin maila batera helduta, liberazio politika zabalduko balu? Eta Gurutzetan lanean eta zure alabatxoekin etxean euskara erabiltzeko bideak baleude?” - esan nion-.
“Orduan, agian ez litzateke puto euskera izango. Baina ez nago ziur, une honetan oso erreta nago eta ”. –erantzun zidan-.




Plasta

Auto-ikaskuntzaren bekatuak (eta VII) : mintza-saioak

Orain arte mintza-saioak “hitz eginez, hitz egiten ikasi” horretara lerratuegi egon dira; gaia proposatzen zen eta horretaz aritzen ginen mintza-saioetan, gehienetan.
Hitz egiten, hitz eginez ikasten da bai; baina baita zenbait estrategia garatuz eta diskurtsoa ahalik eta osoen ebaluatzeko gai izanez ere. Gainera, zerbaitetarako hitz egin behar da, helburu ahalik eta komunikatiboenak ezarriz.
Ildo honi jarraiki, mintza-saioen tipologia zabaldu behar delakoan nago. Hona proposatzen ditudanak:

1. tipologia: orain arte bezala, gai bati buruz aritzea. Gai horren aukeraketa (ikasleen interesguneei erantzuten diena), girotze-fasea (laburra, input aberatsekoa), inplementazioa (poligestionatua eta behatua) eta ebaluazio irizpideak kontuan izanik.

2. tipologia: diskurtsoaren azterketari dagokiona. Aldian-aldian ikasle baten diskurtso grabatua zein ez grabatua aztertuko da, behaketa txantiloiak erabiliz gehienbat. Berauen bidez diskurtsoa bere osotasunean edo atalka ebaluatuko dute mintza-saioko partaide guztiek. Kontzeptuak argitzeko eta behaketan trebatze aldera unitate didaktikoak prestatu beharko dira.

3. tipologia: auto-ikaskuntzaren gabezietako bat gainditzeko hain beharrezkoa den elkarlan bidezko ikaskuntza sustatzeko proiektuak. Ataza anitz jasoko dituzten jarduerak izango dira. Ikasgelan zein ikasgelatik kanpo egin beharrekoak, denboran saio bat baino luzeagoak eta trebetasun ugariz osatutakoak. Proiektuok ikasleari “plus”a eskaintzera bideratuak izango dira, arreta hizkuntzan bertan (tresnan) izatetik eginkizunean ere izatera bideratuak. Batzuk aipatze aldera: webquestak, blogak, tailerrak, podcastinga...

4. tipologia: estrategiak garatzeko saioak. Ikasten ikasi. Estrategiak ikasleak modu kontzientean hartzen duen erabaki multzoa dira. Ikasleari ikasten irakatsi behar zaio bere indarguneak sendotuz eta ahuleziak leunduz. Besteak beste: motibazioa, norberaren ikas-estrategien azterketa, ezagutzak azaleratzeko bideak (ideia-jasa..), informazioa jasotzekoak (arreta), ulermen estrategiak (azpimarra, laburpena...), antolaketa estrategiak (testu azterketa, eskema...), informazioa gordetzekoak (hitz klabeak, analogiak, errepikapena...), ebaluazioa, transferentzia...

Lau tipologia hauek sarritan nahastuta ageriko zaizkigu, didaktikaren dinamikak hala eskatuz gero. Baina berauek modu egokian konbinatuz, mintza-saioetan gehiegi zabaldu den monotipoa aniztea lortu behar dugu.

Bekatu nagusiak zazpi zirenez, hementxe ematen dut bukatutzat (epilogoaren zain) auto-ikaskuntzari buruzko zazpi ataleko aitorpen hau. Gauza gehiago ere badira ganbaran, beude horretan, ez baitut kontu honekin inor gogaitu nahi. Gainera, bekatu guzti guztiak aitortzea ere ez da ona izaten.
Bada, badakizue auto-ikaskuntzaren diseinatzaile jaun-andreok aurten bai penitentzian hogeita hamarren bat “habemaria” errezatu eta ea hurrengoan txintxoago portatzen zareten.