"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Saturday, October 28, 2006

Dinosauroa


Behinola, Atazetan Oinarritutako Irakaskuntzari buruzko ikastaro batean izan nintzen. Akademia batean umeei irakasten zieten bi ingeles irakaslek eman zuten ikastaroa.
AOIren adibide gisa, monitorean ume asturiar batzuk ageri ziren ingelesez ziharduen “Art Atacck” telesaioari jarraiki dinosauro bana egiten.. Eta honexek eragin zuen eztabaida... Zertan ari ziren umeak?

a) Instruzioak emateko baliabideak ikasten eta, bide batez, ingelesez dinosauroa egiten.
b) Ingelesez dinosauroa egiten eta, bide batez, instrukzioak emateko baliabideak ikasten.

Badakit askok pentsatuko duzuela biak ala biak zilegi direla. Baina erdibideko erantzunak baztertuz, geure burua ñabardura bata ala bestea aukeratzera bortxatzen badugu, irakaskuntzan gramatikak betetzen duen funtzioaz erantzuten ari garela konturatuko gara.

Saturday, October 21, 2006

Xabier Imaz


Ez zaitut ez mindu nahi irakasle-irakurle, baina galdetuko banizu ea nolako ikaslea den Xabier Imaz (jarri zure ikasle baten izena) zenbat lerro idazteko gai izango zinateke?... Sinestuiazu galdera hau egin izan dudanean, ez beti baina bai gehiegitan topikoz betetako erantzuna jaso izan dudala: “saiatua, baina asko kostatzen zaio, ulermenean tira baina mintzamenean du ajea, akats asko egiten ditu, taldean ondo moldatzen da eta ez dizu arazorik emango”.Informazioa ez da askoz sakonagoa izaten. Zerk egiten digu huts? Formazioak (ez dakigu ikusten)? Expresioak (ez dakigu adierazten)? Fokalizazioak ( beti ari gara gauza berberei begira, zuzenketa berberak egiten)? Jarraipen didaktikoak (“ez dugu inolako jarraipen fitxarik egiten”)? Honek guztiak? Edo honelako ezerk ere ez?

“Zer dio txotxolo honek, nik Xabier Imaz nola dabilen edertotxo dakit, barren?”


Barkadazue, gaur ez daukat erantzuteko gogorik. Haserre naiz, neuk ere ezer gutxi baitakit Xabier Imazi buruz.

Sunday, October 15, 2006

Wikirakaslea



Aurreko batean irakasleon artean edo irakasle eta ikasleen arteko harremanean sor litekeen arraildura digitalaz aritu nintzaizuen. Oraingoan, berriz, beste balizko eten bati buruz natorkizue hausnarrean: arraildura didaktikoaz, alegia.

Didaktikak edozein zientziak lez bere bidea egiten du (eztabaidagarrria oso, beti aurrerabidea denetz), irakaslearen lana da didaktika zertan den ezagutzea eta beronen inplementazioa egitea.

Didaktika ikasgelaratze hau, ostera, tentuz egin beharreko gauza da. Tentuz, batetik, argi izan behar dugulako ildo garbiak ez direla beti eraginkorrenak izaten eta tentuz, bestetik, ezein planteamendu didaktikok ikaslea, norbanakoa, izan behar duelako gune: ikaslea eta bere iguripen didaktikoa. Baina iguripen honek, berak ezaguna duen didaktika du oinarri (duela urte batzuk eskolan edo unibertsitatean erabilitakoa, hain zuzen)

Didaktika hemen eta espektatiba han; orduantxe sor liteke arrailduraren arriskua. Beharrezko du irakasleak pare bat pausu aurretik joatea baina tartea luzeegia bada, ez da ezinbestekoa den ikasle-irakasle komunikaziorik izango. Beraz, planteamendu didaktikoa bera ere negoziatu beharrekoa da; kontsentsua behar da ikaslearen eta irakaslearen artean.

Batzuetan irakasleak uko egin behar dio gogoak eskatzen dion Wikirakasle Williszale amorratua izateari eta bere ikasleak ulertuko duen hautu didaktiko narras eta nahasiago baten aldeko apostua egin.


Sunday, October 08, 2006

Sisifo


Maiz ikusten dut neure burua Sisifo bezain itsu, harritzarra etengabe mendi pikoaren gailurrerantz bultzatzen, jakinaren gainean laster dela hura berriro ere gurpil zoroan ibarrerantz, jira-bira eternalean. Zer egin ote diegu jainkoei irakasleok punizio hau jasotzeko!
Goizero ikusten ditut ikasleak atetik sartzen euskararen ezagutzaren tenplu oparora, eguerdiro ikusten ditut atetik irteten erabileraren eremu idorrera. Ezagutzak erabileraren ogi izan behar du eta erabilerak ezagutzaren ardo; bi idiak uztartzen ez baditugu, gurdia irauli eta harritzarra berriro amilduko da per secula seculorum.


Idatzi ostekoa


Irakasle gelara begiradatxo bat eman eta bertan ere Sisifo: irakasle guztiak behin eta berriro antzeko gauzak programatzen, itsu samar, “bakoitzak berea, jainkoaren legea” delakoan.