"plisti-plasta, plisti-plasta ziharduen, putzuko igelen artean."

Sunday, November 26, 2006

Kurrikulumaren lumak


Kurrikulumak paradigma aldaketa izan nahi zuen. Paradigma aldaketa esaten denean, zera esan nahi da: ordura arteko “ideologia” didaktikoan jauzia eman nahi zuela. Aurreko joera didaktikoak galbahetik pasa, egoeraren ebaluazioa egin eta bide berri bati ekin.
Paradigma aldaketa, ezinbestean, goitik behera egin zen: lehenengo eta behin, ibilbide didaktiko berriaren ildo nagusiak jasotzen zituen dokumentu nagusia idatzi zen (HEOK) eta ondoren, joera didaktiko berria ikasgelaratu egin behar zen. Eta hemen hasi ziren komediak. Ikasgelaratze honetan hiru bide ziren jorratu beharrekoak: syllabus berria, formazioa eta ikasmateriala.

Syllabus berria. Egia da, HEOKek syllabus horrek jaso beharreko edukien berri ematen digula baina inolako hurrenkerarik gabe, bigarren zehaztapen maila baten beharrean. Nork hartu behar zuen ardura hau? Oraindik ere ez dakigu.
Hori horrela, zer gertatu da? Bi norabide nagusitu direla:
-Lehengo syllabus zaharra, apur bat apaindua eta disimuluan,
lotsati bada ere, ia bere horretan erabilia, HEOKek proposatzen duen jauzi kualitatibotik urrun samar dabilena.
-Kurrikularrak diren materialak hartu eta sarritan noraezean dabilenaren sentsazioarekin bada ere, sena eta input aberatsa erabiliz, egunez egunekoari begiratuz, ahal den moduan aurrera egitearena.

Formazioa. Ezin esan formazio aukerarik ez dagoela. Baina paradigma aldaketak formazio-plan zabal eta egituratua eskatzen zuen. Kontu honetan motz geratu garenaren sentsazioa daukat. Formazioak gure mundutxo honetan sortu den intelligentsiatik haratago nekez egiten duelakoan nago, ikasgelaraino heldu beharrean bidean gelditzen delakoan.

Ikasmateriala. Gauzak horrela, biderik laburrena material kurrikularra sortzearena zen. Honela, argiago ikusiko baitzuen irakasleak praktikan zein den jarraitu beharreko bidea. Eta ikusi ikusi egiten da (aldea dago A mailarako langaien eta Barreneten artean, kasu). Jauzia nabarmena da. Baina material eredugarria da, partziala, hurrenkerarik gabea. Zer nahi da? Syllabusa zehaztu barik, hala-moduzko formazioarekin eta adibide batzuekin irakasleak edota euskaltegiak ibilbide osoa eraikitzea?
(Interesgarria oso Karrajuak bere azken mezuan honi buruz dioena)

Karikaturazalea eta injustua naiz sarritan “ez da horrenbesterako izango” esango du zenbaitek, “ikasleek orain ere ikasten dute” , “kurrikulua behar beharrezkoa zen eta nolanahi ere aurrerapausoa da”... eta arrazoi du/dute. Baina aurrerapausoak hogei metrokoa izan behar zuen (jauzi kualitatiboa izango bada) eta bi metrokoa izan delakoan nago. Agian, oker nago baina bada garaia kurrikulumaren ibilbidearen ebaluazioa egin eta aurrerabiderako erabakiak hartzeko. Hala bedi!

Sunday, November 19, 2006

Ikasle ala bezero?


Lehengo eguneko irakasle-batzan beste kontutxo bat egin zitzaidan deigarri: ikasleen portaera aldaketarena, alegia.

Ikaslea gero eta nekezago egokitzen da ezarri nahi dizkiogun moduluetara; gero eta “intsumisoagoa” dela dirudi, gero eta portaera helduagoa erakusten duela. Ikaslea bezero bihurtu zaigula, alegia.

Bukatu dira desoreka garaiak, zeinetan irakaslea edo euskaltegia ikaslearen gainetik zegoen, zeinetan araua zen nagusi. Ikaslea orain askoz ere berdinagoa da, askoz ere erabaki-gaitasun handiagoa du... Ikaslea bezero bihurtu zaigula, alegia.
Eta horretara ohitu eta egokitu egin beharko dugu irakasleok (didaktikan aspalditik darabilgu “negoziazio” hitza) baina ohitu egin beharko dute, batez ere, euskaltegiek (ikasleei partizipazio bideak eskainiz) eta erakundeek (moduluak eta ildo estuak nasaituz).

“Ikasleak bezeroak dira bai, baina ez edonolakoak. Matrikula ordaintzen dutenean ez dute zerbitzuaren benetako balioa ordaintzen, zati handi bat administrazioak (guk geuk) ordaintzen baitugu eta horrek ere zenbait gauza baldintzatu egiten ditu” esan zuen Betizeozer irakasleak.

Eta arrazoi horrek ere!

Sunday, November 12, 2006

Itsasgora eta itsasbehera


Irakasle-batza izan genuen lehengoan. Bertan, ohikoa den moduan, aurreko urteko memoria eta aurrera begirako egitasmoak izan genituen aztergai. Hamaika gai interesgarri, hamaika ideia eztabaidagarri. Apurka-apurka zuenganatuko ditut han botatako batzuk (mezu bat baino gehiago igorri beharko dizuet, ziur aski).

Lehenengo eta behin, matrikulazio datuak aztertu genituen. Grafikoak ikusi, eta han genituen begi-bistan estatistiketako olatuak: marea gora, marea behera. Itsasbehera leuna hasia denaren susmoa hartu genion gehienok. Eta orduan norbaitek “ekonomistak ote gara?” bota zuen. Ez zen ez galdera inozoa, hura.

Gure euskaltegiko matrikulazioa hein handi batean lan-presioaren araberakoa da. Esan nahi da, proportzio handi batean, ikasleak lanean tituluren bat eskatzen dietelako matrikulatzen direla. Lana ekonomia eta euskara lotuta... “ekonomistak ote gara?” ez zen galdera inozoa ez.

Kontua da olatuen gainean edo azpian ibiltze horrek ontzia norabait eraman edo azkenean hondoratu egingo duen. Beste modu batean adierazita lan-presioak ala euskararen “prestigioak” izan behar duen matrikulazioaren akuilu.

“Euskarak gero eta prestigio handiagoa dauka” bota zuen, braust, Politikokizuzen irakasleak “Gero eta ume gehiago matrikulatzen dira D ereduan eta hori pozgarria da” Eta arrazoi zuen (baina arrazoi erdia bakarrik aitortuko diogu).

Egia da euskarak ikaskuntza-objektu gisa prestigioa irabazi duela ( honek ñabardura asko izan litzakeen arren) baina erabilera-objektu gisa apenas irabazi duen deus gure inguruan: hor daude kale-neurketak... eta honen froga argi bat: gure ikasleen portzentaia handi batek titulua lortzeko ikasten du (motibazio instrumentala du, motibazio emozional negatiboa sarritan; eta gainera behin titulua aterata, lanean ez du euskara erabiltzen). Berea al da errua?

Har dezagun kasu topiko bat, Osakidetza, langileari 2. hizkuntz eskakizuna ateratzeko eskatzen dio (lan-presioa) + ( euskara irakaskuntza-objektu ) baina titulua ateratakoan, kitto!, hor bukatzen da zikloa. Nekez bihurtuko da euskara erabilera-objektu ospitale barruan. Ikusten... arrazoi erdia bakarrik zuen Politikozuzen irakasleak.

Zeren zain daude erakundeak lan-presioan oinarritutako politika eraldatu eta ikaskuntza/erabilera-objektu bihurtuz euskararen prestigio soziala sustatzeko? “Esan erraz egiten da” “Hiztun kopuru handiagoa, masa kritikoa deritzona behar da” diote berehala Politikozuzen eta Soziolinguisto irakasleek. Arrazoi izango dute, akaso (arrazoi laurden bakarrik aitortuko diegu, halere).

.”Masa kritikoa behar da”... Euskara ikasten hasi berriak diren batzuek pentsatzen dute dakiten apurrarekin ez duela merezi hitz egiten hastea, gehiago ikasten dutenean (ezagutza-masa kritikoa) hasiko direla hitz egiten (erabilera) baina irakasleok badakigu hasiera hasieratik dakitena erabiltzen ez badute jai dutela, ez dutela sekulan hitz egingo. Eskualde batzuetan ezin gara “masa kritikoa” izatearen zain egon, daukagunarekin hasi behar dugu maila apalean bada ere.
“Esan erraz egiten da” zioen besteak, baina ez da esate kontua, egite kontua baizik. Har dezagun Bizkaiko eskualde klabe bat: ezkerraldea edo Bilbo adibidez, zenbat diru bideratzen da euskararen irakaskuntzara? Eta erabilerara? Zenbat irakasle daude? Eta zenbat hizkuntza teknikari? (nabaria desoreka)

Baina hau guztia esan ostean estatistikak eta estatistikak aterako dizkigute eta gu han itsasoari begira, uzkur, estatistikaren marea gora, marea behera, gure ontzitxoa hondoratzearen beldur, gure hizkuntzak eskolan zein kalean goranzko bide jarraitua behar duelakoan.

/ A! Eta filmetan esaten den bezala, hemen kontatutakoa benetako gertaeretan oinarritua egonagatik, pertsonaia guztiak fikziozkoak dira, zorionez/ (jarraituko du)

Sunday, November 05, 2006

Dinosauroa (II)


Demagun lau irakasle ditugula ariketa “berdina” egiten:

Mikelek agintera irakastea du helburu. Agintera nola erabiltzen den adierazi ondoren, adibide gisa, Art Attack jarri die ikasleei: bertan dinosauroa nola egiten den erakusten da. Ondoren, aginterari buruzko ariketak egin dituzte eginkizuna burutze aldera.

Mariak instrukziozko baliabideak aztertzea du helburu. Art Attack jarri die ikasleei eta instrukzioak nola ematen diren inferitzen saiatu dira guztien artean. Ondoren, praktikara jo eta aginduak eman dizkiete ikasleek elkarri.

Josuk instrukziozko baliabideak aztertzea du helburu. Art Attack jarri die ikasleei eta instrukzioei jarraiki dinosauroa egin dute. Ondoren, instrukzioak nola ematen diren aztertu dute.

Yolandak ikasleekin bigarren hizkuntza erabiliz, dinosauroa egitea du helburu. Art Attack saioari jarraiki dinosauroa egin dute.

Bitxiena zera da: Mikelek, Mariak, Josuk eta Yolandak " Art attack: dinosauroa 45 minutu" jarrita zutela beren klaserako koadernoan.

Ariketa “berdina” egin ote dute?